Joseba Ostolaza Harri Eskolako sei harri jasotzailek errekor saiakerak eginen dituzte maiatzaren 25ean Aiako (Gipuzkoa) probalekuan, larunbatean 18:00etan hasita. Horietako bat, plazan harri jasotzen hasi berria den Estefania Etxebeste, Estefi iturendarra da. Berekin batera, Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Xabier Aranburu Guzta eta Gari Garmendia eta Xiker Larrea Goikoetxe ariko dira.
Marka pertsonalak gainditzean dute helburu larunbateko saioan. Estefania Etxebeste Estefi, 100 kiloko zilindro zaharrarekin ahalik eta jasoaldi gehien egiten saiatuko da, hiru minutuko txandan. Aroa Sanchez oriotarra 135 kiloko harria altxatzen saiatuko da, kilo gehien altxatu duen bigarren emakumea bihurtzeko eta Udane Ostolaza oriotarra, orain arte emakumezkoetan egin ez den errekorra hautsi nahi du. Hain zuzen, bere pisu bikoitza altxatzen saiatuko da.
Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak 237 kiloko errektangular modernoa jasotzea izanen du helburu. 2016koa du aurreko marka ofiziala 225 kiloko harriarekin. Gari Garmendia idiazabaldarrak, bere aldetik, errektangular zaharrarekin egin du erronka, 215 kilokoa altxatzea du egitekoa. Xiker Larrea Goikoetxe beasaindarra 200 kiloko errektangular modernoa jasota errekor pertsonala egitera doa larunbatean.