Malerrekako Mankomunitateak ardi ile bilketa eginen du uztailean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 23a, 19:00

Argazkia: Maxixatzen.

«Abeltzaintzak eskualdean duen garrantzia eta baserritarrek artilea kudeatzeko dituzten zailtasunak ikusita», Malerrekako Mankomunitateak ardi ilea bilduko du. Interesatuak dauden baserritarrek ekainaren 17a baino lehen deitu beharko dute mankomunitatera.

Azken urteotan erabili duen kudeaketa sistema paratuko du martxan berriz ere Malerrekako Mankomunitateak eta ardi ilea bilduko duela iragarri du. Uztailean eginen du bilketa, baina biltzea nahi duten baserritarrek ekainaren 17a baino lehen egin beharko dute eskaera, mankomunitatera deituz (948 45 17 46), 09:00etatik 14:00etara.

Eskaera egiten duten artzain guztiak kontutan hartuta, bilketa antolatuko du mankomunitateak eta ondotik, zein puntutara eraman behar duten jakinarazteko deituko die baserritarrei. Mankomunitateak adierazi duenez, «bilketa puntuak artilea sortzen den tokitik ahalik eta hurbilen» kokatuko dituzte.

Baserritarrek ardi ilea zakurik eta sokarik gabe utzi beharko dutela ere oroitarazi du eta argi utzi du «zakuetan dagoen edo sokak dituen artilea ez dugula bilduko». Mankomunitateak bilketa, kudeaketa eta horien kostua bere gain hartuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun