Malerrekako Eguna maiatzaren 25ean ospatuko dute Saldiasen

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 21a, 08:00

2018an Sunbillan egin zen Malerrekako Eguna. Aurten Saldiasek du lekukoa.

Autobus zerbitzua antolatu dute eta Malerrekako Mankomunitateak hori erabiltzeko deia egin du

Ibilian-ibilian Malerrekako Egunak bere bidea egiten segitzen du. Zubietan egin zen lehenbiziko edizioa, 2012an, eta geroztik, herriz herri ibili da Malerrekako Egunaren lekukoa. Aurten Saldiasen eginen dute eta Malerrekako Mankomunitateak egun osoko egitaraua prestatu du.

Egitaraua

Gazteak izanen dira goiztiarrenak eta 08:30ean abiatuta, Zubietatik Saldiasera mendi martxa eginen dute. 10:30ean harrera ekitaldia hasiko da. Herrietako ordezkariak izanen dira egunari hasiera emanen diotenak eta Saldiasko Udalak herriko adinduak omenduko ditu. Horrez gain, Malerrekako musikariak herrian barna ibiliko dira. 11:00etatik 14:00etara artisauen eta talogileen postuak paratuko dituzte eta 11:00etatik 12:00etara dantzarien saioaz gozatzeko aukera izanen da. 12:30ean buruhandiak aterako dira eta, ordu berean, aizkora apustua jokatuko dute Jexux Etxeberriak eta Jon Telletxeak Jazinto Etxekonanea eta Manolo Kañamaresen kontra. 13:30ean joaldunak aterako dira eta 14:00etan paella jatea eginen dute. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara Malerrekako Mus Txapelketako finala jokatuko dute eta, aldi berean, 16:30ean bertso saioa hasiko da. Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena ariko dira bertsotan. Bertso saioaren ondotik, 17:30ean DJ J&Jrekin musika izanen da 20:00 arte. Aldi berean, merienda eta umeendako jokoak eta tailerrak eginen dituzte eta buruhandiekin kalejira. 20:30ean zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute; baita lekukoa banatzeko ekitaldia ere: Beintza-Labaienen esku geldituko da 2025ean Malerrekako Eguna antolatzeko ardura. Eguna borobiltzeko, 21:00etan mahaiaren bueltan bildu eta afaria eginen dute.

Autobus zerbitzua

Doneztebe eta Saldias lotzeko autobus zerbitzua antolatu dute. Doneztebetik Saldiasera doazen autobusak 09:00etan, 10:30ean eta 12:00etan aterako dira eta Saldiastik Doneztebera bueltan heldu direnak 17:30ean, 20:30ean eta 22:00etan. Bidean, Oizen, Urrozen eta Beintza-Labaienen geldialdia eginen dute autobusek. Autobusak erabiltzeko deia egin du mankomunitateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun