Gisa honetara denboraldi bikaina borobildu du Errekak. Ligan txapeldunen faserako sailkatu eta laugarren izan zen. Lekunberriko lauko finalean, partida alerik ere galdu ez zuen BM Loyola egokitu zitzaion eta amore eman behar izan zuen, gerora txapeldun izan zenaren kontra. Kopako finalerdian ere BM Loyola egokitu zitzaion, baina Donezteben garaipena lortu zuten Errekakoek (Loyolak denboraldi osoan galdu duen partida bakarra), finalerako sailkatuz. Zailena egina zirudien baina BM Ardoi ere talde handia da, ligako txapeldunordea. Halere, Errekak partida bikaina jokatu zuen larunbateko besta egun handian eta kopa etxean gelditzea lortu zuen.
Kiroltasun handiz jokatutako partida izan zen. Bi taldeek elkarrekin atera zuten argazkia eta txapeldunaren kopa Luismi Apezetxea atezain beteranoak hartu zuen lehenik (53 urterekin kopako txapeldun) eta eskuz eskuz ibili zen gero, zaleei eskaintzearekin batera. Egun borobila izan zuten Donezteben larunbatean. Finalaren aitzinetik, poteoa musikarekin, kiroldegiaren irekieran ere musika, finala eta gero herri afari jendetsua izan baitzuten.