Zentral eolikoak eskualdean

Irakurri poligono eolikoaren kontrako kontsiderazioen txostena aurkeztu du Malerreka Bizirik-ek Ingurumen Departamentuan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 14:00

Malerreka Bizirik taldeko kideak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Ebaluazioaren atalean izan ziren atzo eta Irakurri poligono eolikoaren kontrako kontsiderazioen txostena aurkeztu zuten. Horrekin batera, eskualdeko herritarren artean bildutako mila sinadura baino gehiago entregatu zituzten.

Malerreka Bizirik taldeak aurkeztu dituen makroproiektuaren kontrako iritziak gai hauen ingurukoak direla azaldu du taldeak:

  1. Poligono eolikoa arreta bereziko paisaian kokatuko litzateke eta aerosorgailuen kokapena gaitu gabeko eremuetan aurreikusia da.
  2. Aerosorgailuak monumentu megalitikoen ondoan ezarriko lirateke.
  3. Red Natura 2000k aipatzen duen lur eremuan eragin zuzena izanen luke: erreken arroak, paisaiarekiko inpaktu ikaragarriak eta bertan bizi diren espezieen galerak jasanezinak izanen lirateke (pausalekuak, elikadura, migrazioa…). Landaretza eta zuhaitzen erauzketa masiboa ere eraginen luke.
  4. Zaratak eta kutsadura elektromagnetikoak giza osasunean kalteak areagotuko lituzke.
  5. Jarduera sozio-ekonomikoekiko eraginak turismo jasangarrian ('bailara lasaien' txikizioa), nekazaritzan, abeltzaintzan eta baso ustiapenean, baita ehiza eremuan ere.
  6. Atzeraezinezko kalteak lur mugimenduak egiterakoan: lur azpiko akuiferoen hondamena, luizien arriskuak…
  7. Aerosorgailuetako eta ebakuazio elektrikoko lineako sute arriskuak. Sutea larriagotu eginen litzateke basoetan eta landaretza handia dagoen eremuan egoteagatik, baserri, borda eta herriguneetatik hurbil.

Malerreka Bizirik-en ustez, «Zelena Renovablek sustatzen duen proiektuak ingurunean eragin larriak eta atzera bueltaezinak sortuko lituzke gure eskualdean» eta horregatik Nafarroako Gobernuari «aurreikusitako proiektuaren tramitazioari bukaera eman diezaiola» exijitu dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun