AITATASUNA

«Haurrek amaz eta aitaz gozatzeko eskubidea dute»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 19a, 08:00

Apezetxea bere hiru haurrekin.

Jokin APEZETXEA AZKARATE, Doneztebe

Bederatzi, bortz eta bi urte dituzten Enea, Ekhi eta Luka haurren aita da Jokin Apezetxea Azkarate, eta haiekin «harreman goxoa» duela aitortu du. Gurasotasunaz aritu da TTIPI-TTAPArekin, eta bertzeak bertze, «erantzunkidetasuna» eta «presentzia» aipatu ditu.

Gurasotasuna «erantzunkidetasunaren ikuspegitik» ulertzen duela kontatu du, eta haurrek «bai amaz, bai aitaz gozatzeko duten eskubidea» aldarrikatu du. Hori barneratuta, «haurrei kalitatezko denbora bideratzen saiatzen» dela adierazi du: «Beraiekin gaudenean beraiekin gaude eta kito, burua horretan izaten saiatzen naiz». Pentsaera hori bikotekideari zor omen dio: «Emaztea irakaslea da, Haur Hezkuntzan formatua, eta berarekin ikasi dut aitatasunari eman behar zaion garrantzia ematen. Kontzientzia beregandik heldu zait».

«Askotariko ereduak»

Gurasotasuna parekidea izatea ere hizpide hartu du doneztebarrak, eta «egoera zerbait aldatzen» ari dela erran du: «Parkean gero eta gizonezko gehiago ikusten ditut, eta nire inguruan, zaintzan gizonezkoek eta emakumezkoek biek parte hartzen dute». Gehiago ere erran du. Parekidetasunari lotuta, alde batetik, «nondik heldu garen» ikustearen garrantziaz mintzatu da: «Gure aitzineko belaunaldietan, amek familia izateko lana uzten zuten eta gu haien ondorengoak gara». Eta bertzetik, «familia bakoitzak dituen aukerak» aztertu behar direla gaineratu du: «Lan batzuetan zaila da kontziliazioa, familia bakoitzaren egoera ekonomikoa zein den ikusi behar da, bakoitzaren sare familiarra zein den, eskura diren baliabideak... Baldintzak askotarikoak dira» eta bere hitzetan, aitatasun ereduak ere «askotarikoak dira, errealitatea bezala». Hala, «parekidetasuna baino gehiago seme-alabek gurasoez gozatzeko duten eskubidea» azpimarratu nahi izan du.

«Aitatasuna ikasketa prozesu bat da»

Aitatasuna beretako «ikasketa prozesu bat» izaten ari dela ere onartu du Apezetxeak; «bizitza bera bezala. Batzuetan zalantza aunitzekin, bertze batzuetan ongi eta bertzeetan gaizki eta bertzeetan erdipurdi eginen dugu, baina guttienez, haurrek senti dezatela behar dutenerako hor gaudela». Are gehiago lehenbiziko urteetan: «Haurraren lehenbiziko sei urteak garrantzitsuak dira eta beraien garapen emozionala, kognitiboa eta soziala ahalik eta egokiena izateko beharrezkoa da gu hor egotea. Aunitzetan nahikoa izaten dute gu ondoan egotearekin. Denborarekin hegan eginen dute». Bere ustez, «aita bakoitza ahalik eta hobekien egiten saiatzen da, batzuetan asmatuko dugu eta bertzeetan ez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun