Osasunak futbol campusa antolatu du ekainaren 24tik 27ra Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 13a, 16:00

Iazko Aste Sainduko campusean parte hartu zuten gaztetxoetako batzuk.

Aste Sainduan egin bezala, udan ere futbol campusa antolatu du Osasunak Donezteben. Lau eta hamalau urte arteko haurrek hartzen ahalko dute parte, eta hiru taldetan banatuta ariko dira.

 2020 eta 2018 artean sortutakoak ariko dira talde batean,  2017 eta 2014 artean jaiotakoak bertzean  eta azkenik 2013 eta 2010 urte artekoak.

Ekainaren 24tik 27ra elkartuko dira futbol zelaian 08:45etik 14:00etara.  Campusak 130 euroko prezioa du haur bakoitzeko eta hainbat deskontu ere izanen dira: Osasuntxiki klubekoa izateak 20 euroko deskontua du, aurtengo ikasturtean Osasuna futbol eskolako ikaslea izateak 10 eurokoa eta bi senide baino gehiago apuntatzen diren kasuan ere 10 euroko deskontua izanen du bakoitzak. Jangelan gelditzeak, aldiz, 40 euroko kostua izanen du.

Campusean hezkuntzan eta kirolean formatutako begiraleak izanen dituzte, eta arropa ere emanen diete. Izen ematea Osasuna Fundazioaren web orrian egin behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun