Doneztebeko Udaberriko feria hamaseigarren aldiz ospatu zen ortziralean, maiatzaren 10ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. Hamahiru artzainek hamazazpi ahari aurkeztu zituzten lehiaketara, iaz baino hiru buru gehiago.
Goizeko hamaiketatik eguerdiko ordu batetara hamaseigarren ahari lehiaketa egin zen Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten hamazazpi aurkeztu ziren lehiaketara, hamahiru artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, sei ahari muturbeltz eder aurkeztu zituzten. Horien artean, Donamariako Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria, 70 euroko bigarren saria Donamariako Porotxeneko Jose Miguel Lasagaren ahariarendako izan zen eta hirugarren saria, 50 euro, Aitor Beratainen ahariarendako.
Mutur gorrien atalean hamaika buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan zuten saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Ezkurrako Iturren bordako Lourdes Elizaldek aurkeztutako ahariarentzat izan zen, bigarren saria Doneztebeko Koro Antxorenarenak eskuratu zuen eta hirugarrena Donamariako Poroxeneko Nicolas Lasagarenak. Alfredo Basterra albaitariak eta Patxiku Mitxelena zubietarrak osatu zuten epaimahaia.
Ahariez gain, lehiaketaz kanpo, behiak eta behorrak ere aurkeztu zituzten plazara. Andoni Mendiburuk plazaratutako bederatzi behi asturiarrak, erraterako, bertan saldu zituen. Bittor Mendiburuk behorrak eraman zituen. Eskulangileen postuek ere ez zuten hutsik egin: Doneztebeko Olaizola aita-semeen heraldika lanak, Lourdes Goñiren erroskilak eta gozoak, Zubietako Flora Santestebanen taloak, Zubietako Larraitz Peralen arropa, panpinak, poltsa eta zilar lanak; Lesakako Haizea Irigoienen kosmetika naturala eta Haizea Belarraren Erlanki eztia.