Malerreka Bizirik plataformak ohar bidez oroitarazi du Irakurrin hamaika eoliko paratzeko asmoa duela Zelena Renovable inbertsio funtsak. Bakoitzak «195 metroko altuera» izanen duela eta horretarako egin beharko lituzketenak ere aipatu ditu: «plataforma erraldoiak, mendiko pistak izugarri zabaldu, sortutako elektrizitatea Donezteberaino eramateko lineak paratu airez (22 dorre hamar kilometrotan) eta lurrez (metro bateko zanga zortzi kilometrotan) eta azpiestazio elektriko bat Iruñarrin».
Hasierako txostenari kontsiderazioak aurkezteko epea irekia dagoenez, Malerreka Bizirik taldeak «herritarrei zein instituzioei kontsiderazioak aurkezteko deia» egin die. Kontsiderazioak biltzeko orriak ere prestatu ditu, «herritarrek sinatu ditzaten, gero Ingurumen Departamentura bidaltzeko». Eskaera orri horiek eskualdeko herriko ostatuetan paratu dituzte eta asteburuan, maiatzaren 11n eta 12an, karrikara aterako dira «jendeak sinatu eta informazioa eskura dezan».
Hortaz aparte, norberak berea idazten ahal duela ere argitu du plataformak, eta evaluacion.ambiental@navarra.es helbidera idatzi. Kontsiderazioak maiatzaren 17a baino lehen bidali behar dira.
Eskuorriak
Irakurriko eta Azkuko proiektuaren berri emateko eskuorriak ere prestatu dituzte Malerreka Bizirik taldeko kideek.
Bi kasuetan aerosorgailuen kokapen zehatza bildu dute. «Ia 200 metroko errotak» direla oroitarazi dute, eta gehiago ere bai: «Bakoitzaren oinarria sei metro zabal da, eta zimenduek, berriz, 22 metro hartzen dituzte, eta 6.610 metro koadroko plataforma bat dute».
Eolikoen neurriaren erakusle, konparazioak ere egin dituzte, «Leitzan eta Berueten dauden errotak baino hiru aldiz handiagoak» direla ohartaraziz, edo Eratsungo plaza eta antenarekin edota Etxalarko elizarekin konparatu, aldea zenbatekoa izanen litzatekeen argitzeko.
Ebakuazio linea nondik eginen luketen ere bildu dute eskuorrian. Irakurriko kasuan, «goi tentsioko 22 dorre eraikiko lituzkete hamar kilometrotan, eta metro bateko eta 1,20 metro sakoneko zanga zuloak eginen lituzkete, elektrizitatea garraiatzeko, bai airetik eta bai lurpetik Doneztebeko azpiestazioraino». Iruñarriko antenaren ondoan egin nahi duten azpiestazio transformatzaileaz ere mintzo dira eskuorrian: «Bi solairuko eraikin erraldoi bat, 21 x 10,5 metro eta gora 8,5 metrokoa. Ura hodi bidez bidali beharko litzateke Iruñarriko azpiestazioraino, eta han presio multzo bat eta araztegi bat instalatu. Hormigoiarekin aska depositu bat eginen lukete, errotak funtzionatu beharreko urteetan sortutako olio hondakinak biltzeko. Errota tarteak, azpiestazio elektrikoa eta errotak beti argiztatuta egonen lirateke».
Azkukoan, berriz, ebakuazio linea egiteko «goi tentsioko dorreak eraikiko lituzkete 4,9 kilometrotan, eta zangak irekiko lituzkete elektrizitatea lurpean eramateko 3,1 kilometrotan Doneztebeko azpiestazioraino. Hormigoiz, olio putzu bat eraikiko lukete errotak martxan izanen diren urteetan sortutako hondakinentzat. Errotak, azpiestazio eraldatzailea eta errotak komunikatzen dituzten bideak etengabe argiztatuko lituzkete».
Azkua eta Arantza Bizirik
Arantza Bizirik taldean ere lanean ari dira. Taldeak eta herriko hainbat eragilek idatziak aurkezteko asmoa dutela adierazi dute eta udalarekin ere elkarlanean ari dira. Gaiak kezka sortu duen seinale, Arantza Bizirik taldearen azken batzarrean 40 lagunetik goiti bildu ziren. Eta ortzirale honetan berriz bilduk dira, 18:30ean. Dagoeneko ehun banderola inguru saldu dituzte.