Palestinaren aldeko elkartasun eguna ospatuko dute maiatzaren 18n Iturenen

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 3a, 16:00

Lortutako diru guztia Yala Nafarroa Palestinarekin Plataformara bideratuko dute

Palestinaren aldeko elkartasun eguna antolatu dute maiatzaren 18an Iturenen. Larunbat goizerako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, elkartasun argazkiarekin eta Palestinako menu goxoa izanen duen herri bazkariarekin borobilduko dena.

Maiatzaren 18an, larunbatean 11:00etatik 14:00etara tailerrak eginen dituzte: serigrafia (ekarri zure kamiseta), banderola egitekoa (ekarri oihal xuria) eta txapa tailerra izanen dituzte. 12:30ean ipuin kontalaria izanen dute. 11:00etatik 14:00etara bigarren eskuko azoka ere eginen dute eta horretarako norbere etxeko gauzak (liburuak, arropa, tresnak…) eramateko deia egin dute. Ordutegi berean, Palestinaren historiari buruzko erakusketa izanen da herriko etxeko ganbaran eta genozidioaren aurkako artelanak ere ikusgai izanen dira plazan. 12:30ean Hijas de la Nakba dokumentalaren proiekzioa eginen dute. 14:00etan elkartasun argazkia aterako dute eta gero herri bazkaria izanen dute, Palestinako menu goxoarekin.

Bazkarirako txartelak 15 eurotan salgai daude Elgorriagako Ostatuan, Iturengo ostatuan, Gazteluko ostatuan eta Doneztebeko liburutegian. Lortutako diru guztia Yala Nafarroa Palestinarekin Plataformara bideratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun