30 urte beteko ditu aurten Doneztebeko liburutegiak. 30 urte kultura sustatzen eta herritarrentzako bilgune izaten. Urtebetetze borobila ospatuko dute eta hainbat ekitaldi egin dituzte aste honetan ospatzeko. Marga Erdozain Azpilikueta herriko liburuzainarekin elkartu da TTIPI-TTAPA liburutegiaren nondik norakoak biltzeko.
30 urte bete berri ditu Doneztebeko liburutegiak. Nolako osasuna du?
Hagitz ona. Liburutegia helduarora indartsu ailegatu da eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dago.
Nolakoa izan zen liburutegiaren sorrera?
90eko hamarkadaren hasieran Liburutegi Sarearekin negoziaketa bat egin zen eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak eta Doneztebeko Udalak herri liburutegi hau irekitzeko hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horri esker, gure liburutegia sareko partaide bihurtu zen. Sarean egotearen abantailak ditugu: formakuntza, aholkularitza, kanpainetan parte hartzeko aukera, dirulaguntzak…
Sortu zenetik zenbat aldatu da liburutegia?
Hiru hamarkada hauetan, herri liburutegi guztiak bezala, gurea ere eraldatu egin da. Garai hartan dena eskuz egiten genuen, zerbitzuak ez baitzeuden informatizatuta. Historikoki liburutegiak beti gizartearen aldaketaren lekuko izan dira eta, egun, gure liburutegietan, munduko hainbat liburutegietan bezala, gune dinamikoak sortu dira; tailerrak ematen dira, musika entzuten da, sormen-txokoak izaten dira, ipuinen ahotsak entzuten dira, irakurle taldekideen solasaldi eta tertuliek girotzen dituzte neguko arratsaldeak (kafeekin eta pastekin goxatuz), bertzeak bertze. Eredu horietara doaz gure liburutegiak, ez dira ikas-zuloak, isiltasunaren tenpluak… Baditugu guneak non ikasten ahal den, baina XXI. mendean liburutegiak herriaren taupadarekin bat dabiltzan bihotz bilakatu dira.
Zein dira gaur egun liburutegiak ematen dituen zerbitzuak?
Askotarikoak: kontsulta, aholkularitza eta formakuntza zerbitzua, mailegu zerbitzua, liburutegien arteko mailegua, mailegu digitala, ikas-zuloa… Horietaz gain, kulturari espazio zabala eskaintzen diogu: ipuin kontaketak, tailerrak, bisitak, emanaldiak, irakurle taldeak, hitzaldiak…
«Zortzi urte arteko erabiltzaile aunitz ditugu»
Marga ERDOZAIN AZPILIKUETA
Zein funtzio betetzen du gaur egun?
Eraldaketaren ondorioz erran dezakegu liburutegia erreferentzia gune bilakatu dela: gune publikoa, unibertsala, doakoa, integratzailea… Liburutegiak tokian tokiko errealitate kulturalaren eta sozioekonomikoaren isla dira eta zubi lana egiten dute jendartearen eta komunitatearen beharretara egokitzeko. Elkarlana egiten saiatzen gara hezkuntza komunitatearekin eta bertze eragileekin batera.
Zergatik da garrantzitsua herrian eta eskualdean liburutegia izatea?
Tranbia zaharraren ipuinari erreferentzia eginez, aipatuko nuke liburutegiko atea zabaltzen den aldiro, eta tranbia zaharraren kanpaia jotzen den aldiro, funtsean, liburu bat ideki, usaindu, edota etxe batera joaten den aldiro, pentsa dezakegu erabiltzaile hori kulturalki aberatsagoa izanen dela, mundu aldrebes hau eraldatzeko edota hobetzeko grina piztuko zaiola. Gure tranbia zaharra eskualdeko altxor bat da; liburuak altxorrak dira, eta desinformazioaren eta adimen artifizialaren aitzinean oraindik anitz erakusten jarraitu behar dute.
Bi irakurle talde daude. Zein da horien funtzionamendua eta zenbat lagunek hartzen dute parte?
Gaztelaniazko taldeak hilero emakume idazle baten lan bat hautatzen du, eta hilaren azkeneko astelehenetan liburua aletzeko elkartzen dira. Urtean bederatzi lan lantzen dituzte. Euskarazko taldeak, berriz, urtean hiru edo lau topaketa izaten ditu eta solasaldira egilea gonbidatzen dugu: Amets Arzallus, Jon Maia, Miren Agur Meabe, Ana Jaka, Jon Abril eta Uxue Alberdiren bisita izan dugu dagoeneko. Bi irakurle taldeak kudeatzeko gobernuak ematen dizkigun liburu sortez baliatzen gara; hala, parte-hartzaileek ez dute libururik erosi behar.
Ipuin txokoa ere izaten duzue astero. Zenbat haur biltzen dira?
Haizea Loira artistak eta musikoterapeutak zuzendutako txokoak ia hamar urteko ibilbidea du. Bertan, ahozkotasunari, musikari eta ipuingintzari leiho zoragarri bat ideki diegu, eta 0-3 urteko txikiak protagonista bilakatu ditugu. Saio horietan 6-8 txiki beren senideekin batera bertaratzen dira. Mimoz zaintzen dugu gune hori, eta Haizeari eskerrak eman behar dizkiogu bere ekarpen zoragarriarengatik.
Zein da erabiltzaileen profila?
Adinari dagokionez, zortzi urtera arte erabiltzaile anitz ditugu, gurasoekin bertaratzen direnak. Adin multzo hori hagitz aktiboa da. Zortzi urtetik gorakoek ere mailegu anitz erabiltzen dute. Erabiltzaile horiek euskarazko aleak dituzte maiteago. Gazteek, berriz, liburutegia erabiltzen dute biltzeko edo lanak egiteko. Helduen artean gaztelaniaz gehiago irakurtzen da euskaraz baino, baina erran dezaket azkeneko urteetan euskaraz gero eta gehiago irakurtzen dela. Berrikuntzak zaintzen ditugu eta bi hizkuntzetan liburu berriak eta anitzak izatean, irakurleen arreta piztu eta bereganatzen dugu. Eguneroko erronka gustagarria da hori.
«Azken urteetan hobekuntza aunitz egin dira liburutegian»
Marga ERDOZAIN AZPILIKUETA
Datuek diotenez, azken urteetan igo egin da irakurtzen duen herritarren kopurua, eta igoera hori batez ere nerabeengan eman da. Nabaritzen duzue joera hori?
Gazteen artean, gurean, ez da hala ageri. Zorionez, ikastetxeetan irakurketa bultzatzen ari dira eta beharbada kopuru horiek goranzko joeran neurtuko dira. Arlo akademikoari lotuta badira ere, goraipatu behar da azkeneko urteetan ikastetxeetan egindako ahalegina. Irakurketa mota eta eskaintza gaur egun erakargarriagoa da. Hala ere, zaila dugu aro digitaleko gazteak pantailetatik burua altxaraztea eta liburuen dastaketara pasaraztea. Gai horrek zinez kezkatzen gaitu, bai hezkuntza komunitatean bai liburutegietan.
30 urte bete berritan, zer balorazio egiten duzue?
Pertsonalki, balorazio hagitz ona egiten dut. Azkeneko urteetan hobekuntza dezente egin dira: tokia handitu, altzari berriak, katalogoen digitalizazioa, mailegu digitala, liburutegien arteko mailegua… Aldaketa horiek gure jarduna hobetu eta dinamizatu dute. Bertako administrazioaren inplikazioa ere goraipatuko nuke, izugarrizko ahalegina egiten baitute zerbitzu hau kalitatezkoa izan dadin. Ekarpen ekonomikoa hagitz garrantzitsua da, bai ale berriak erosteko, bai kultur jarduerak antolatzeko. Sarearen babesa eta laguntza ere aipagarriak dira.
Zein dira hemendik aitzinerako asmoak?
Egunero tranbia martxan jartzea eta etorriko diren erronkei aurre egitea eta biziko ditugun une historikoetan gure liburutegia horien erdigunea izatea. Horrela hartu nahiko nuke erretiroa, ondotik etorriko den tranbia-gidariari lekukoa pasaz.