Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea VI dira Berria Erremonte Txapelketako txapeldunak, finalean Gurrutxaga eta Aiestaran VI.a gainditu eta gero. Jabalera izan da protagonista nagusia lehenengo eta hirugarren jokoan eta bere maila bikainari esker 1-2 lortu dute garaipena 4-15, 15-12 eta 1-8ko markagailuarekin.
Berria Erremonte Txapelketak talentu berrien erakusleiho izateko balio du aunitzetan eta aurtengo edizioa Jabaleraren agerpenarengatik gogoratuko da. Kolpe eta joko bereziak ditu, onenekin lehiatzeko gai dela erakutsi du txapelketa guztian, baita finalean ere. Goikoetxearentzat profesionaletan debuta izan da eta ez dago ibilbidea hobe hasterik.
Finala urdinen nagusitasunarekin hasi zen batez ere Goikoetxearen sake zitalarekin. Lehenengo lau tantoetatik hiru sakez lortu zituen atzelari urdinak eta 0-6 aitzineratu ziren. Gurrutxagak eta Goikoetxeak jokoan sartzeko aukera gutxi izan zuten eta konturatzerako jokoa galduta zuten. 2-11ko markagailuarekin, Jabaleraren erritmora joan zen lehen jokoa. 4-15 akitu zen, 20 minututan eta Doneztebeko aurrelariak zortzi tanto egin zituen. Gainera ez zuten akatsik egin irabazleek eta gorriak partidan sartu ezinda ibili ziren.
Bigarren jokoa erabat aldatu zen. Gurrutxaga Jabaleraren pare jarri zen jokoan eta Aiestaran sakearekin min egiten hasi zen. Horren ondorioz, nahiko parekatuta joan zen markagailua, nahiz eta gorriak beti izan ziren agintzen (3-1, 5-3, 11-6, 13-7, 14-12 eta 15-12). Aurrelariak izan ziren protagonista eta Gurrutxagak bederatzi tantorekin akitu zuen bigarren set-a eta Jabalerak bertze zortzi tantorekin. Gorriei kosta zitzaien jokoa ixtea, baina Gurrutxagaren pilotakada eder bati esker, ezker paretara itsatsita, akitu zen jokoa, 15-12.
Azken joko erabakigarria Goikoetxearen akats batekin hasi zen, baina ez zuten tanto gehiago egin gorriek. Aiestaranek segidan bi pasa egin zituen eta urdinek sakea hartuta ez zuten gehiago utzi. Jabalerak lau tanto jarraian egin zituen eta 1-2tik, 1-6kora pasa ziren. Azkenaurreko tantoa Goikoetxeak lortu zuen saketik eta Gurrutxagaren akats batekin akitu zen finala.
Bai gibelean eta bai aitzinean hobeak izan ziren zestoarra eta doneztebearra. Jabalerak 20 tantorekin eta hiru pilota galduta akitu zuen finala. Goikoetxea VI.ak bederatzi tanto, horietatik lau sakez, lortu zituen eta bi akats bakarrik egin ditu. Galtzaileetan Gurrutxagak hamaika tanto eta hiru akats egin zituen, eta Aiestaran atzelariak bost tantorekin eta hiru akatsekin akitu zuen finala.
Aimar Jabalera: «Gustura akitu dugu txapelketa, partidarik galdu gabe»
Ordu beteko iraupena izan du jendez gainezka zegoen Galarreta batean. Zale gazte aunitz hurbildu zen Hernaniko frontoira, horietako aunitz Malerrekakoak, eta giro ederra bizi izan zen. Partida akitu eta berehala garaileek zaletuen animoak eskertu zituzten eta pozez gainezka agertu ziren. Aimar Jabaleraren kolpeak diferentziak egin ditu jokoan. Doneztebarraren erranetan, «bizitasun hori dut, goiko posturan gehiago kostatzen zait, baina min handia egin dut». Motibazio handia da bientzat. «Arras gustura akitu dugu, partidarik galdu gabe». Aimar Jabalerak estelarretan jokatzeko aukerak gero eta gertuago ikusten ditu. «Entrenatzen eta hobetzen jarraitu behar da horretarako», adierazi zuen..