Berria Txapelketako finalistek aukeratu dituzte finalerako pilotak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 18a, 11:00

Gurrutxaga, Aiestaran VI.a, Aimar Jabalera eta Goikoetxea VI.a, Berria txapelketaren finalerako aukeratutako pilotekin.

Gurrutxaga-Aiestaran VI.a eta Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea VI.a gustura gelditu dira aukeratutako lau pilotekin

Berria Txapelketako finala larunbatean jokatuko da Hernaniko Galarreta frontoian eta bi bikote finalistek, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Goikoetxea VI.ak alde batetik eta Gurrutxaga-Aiestaran VI.ak, bertzetik, finalerako pilotak aukeratu dituzte. 

Gurrutxaga eta Aiestaran VI.a izan ziren materiala aukeratzen lehenengoak. Gustura gelditu ziren zestotik banandutako lau pilotekin. Jabalera ahalik eta jokoan gutxien sartzeko pilotak aukeratu zituzten, irteera dutenak frontisean eta lurrean. 

Gero Jabalera eta Goikoetxea VI.aren txanda izan zen. Indar handiko pilotariak dira eta mugitzeko zailagoak diren lau pilota aukeratu zituzten. 

Protagonistek finala berdindua eta polita izanen zela aipatu zuten. Gurrutxagaren hitzetan, «helburua finalera iristea zen, baina behin finalera iritsita txapela jantzi nahi dugu». Pasa den urtean Zalduarekin lortu zuen txapela Gurrutxagak. Aiestaranek ere badaki zer den txapel bat irabaztea. Abenduan bigarren mailako irabazi zuen Goikoetxearekin batera, nahiz eta aurreko urtean Berria Txapelketan txapeldunorde izan. «Saiatzen gara gauzak ongi egiten eta bagoaz pixkana pixkana aurrera. Jabalera eta Goikoetxea oso bikote sendoa da eta seguru final ona ikusiko dela». 

 

Goikoetxea VI.a eta Jabalera, pilotak aukeratzen.

 

Aimar Jabalera: «Final irekia da»

Goikoetxea VI.ak eta Jabalerak lehenengo txapelketa jokatu dute eta finalera ailegatu dira maila altua erakutsiz eta partida guztiak irabazita. Goikoetxeak aipatu zuen final berdindua izanen dela eta polita ikusteko. «Bikote oso gogorra dira eta biak ditugu aukerak finala irabazteko». Aimar Jabalera doneztebarrak aurkarien maila goraipatu zuen. «Final irekia da, ez dute set bakarra galdu txapelketan eta agian gu baino hobeto ailegatu dira. Akats gutxien egiten dituenak eta hobekien jokatzen duenak eramanen du txapela etxera». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun