Berria Erremonte Txapelketako finala orain arteko bi bikote onenek jokatuko dute datorren larunbatean, apirilaren 20an, Galarretan. Aimar Jabalera doneztebarrak eta Goikoetxea VI.ak, Gurrutxaga eta Aiestaran VI.aren kontra neurtuko dituzte indarrak euren finalerdiak irabazi eta gero. Orain arteko lau partidak irabazi dituzte bi finalistek, eta larunbateko finalerdietan, 2-0 nagusitu ziren Zaldua II.a-Eskudero eta Irazu-Zaldua bikoteen kontra, hurrenez hurren.
Larunbateko lehenengo finalerdia dotorea izan zen, nahiz eta markagailua irabazleen aldekoa argia izan. Zalduak eta Eskuderok ez zuten inoiz etsi piloteoan indartsu aritu eta gero. Jabalerak eta Goikoetxeak 15-12 eta 15-14 irabazi zuten, baina kostata lortu dute finalerako sailkapena. Jabalerak bere kolpea bertze behin erakutsi zuen eta Goikoetxea seguru aritu zen atzeko koadroetan.Bigarren finalerdia ez zen hain piloteatua izan, baina maila onean jokatu zuten erremontistek. Lehenengo jokoa 15-8 irabazi zuten Gurrutxagak eta Aiestaranek. Sakearekin min egiten zuten atzelariek eta erreskadan tanto mordoa lortzen zuten bikoteek. 5-8 aurreratu ziren Irazu eta Zaldua, baina 10-0ko partzial batek erabaki zuen lehenengo joko hori. Bigarren jokoa berdinduagoa izan zen baina berriz ere Gurrutxagak eta Aiestaranek irabazi zuten, 15-12.
Finala larunbatean jokatuko dute eta ETBk zuzenean eskainiko du.
Apirilaren 13ko emaitzak Galarretan
- Jabalera-Goikoetxea VI.a, 2; Zaldua II.a-Eskudero, 0 BERRIA TXAPELKETAKO FINALERDIA
- Loitegi-Barrenetxea IV.a, 0; Ezkurra II.a-Juanenea, 2
- Gurrutxaga-Aiestaran VI.a, 2; Irazu-Zaldua I.a, 0 BERRIA TXAPELKETAKO FINALERDIA