Biztanle gutxiko herria, Nafarroako mendien artean kokatua dagoena. Husten ari den herri bat, karriketan geroz eta jende gutxiago ikusten dena. Honelakoa da Beintza-Labaien. Eta bertako gazteok gure herria maite dugun arren, kanpoan bilatu behar ditugu lan aukerak. Hala ere, aukera dugun aldiro, gure jaioterrira itzultzen gara, hemen baitugu gure bizitzaren zati handi bat. Baina, orain herrian bizitzen ari garen egoeraren ondorioz, aisialdirako dugun toki gutxietako bat ixteko zorian dago: Beintzako Orbela ostatua.
Bailaran bizi den edonork izanen du jada egoera honen berri, baina herriko gazte batzuk gure iritzia emateko beharra ikusten dugu. Sortu den egoera honen harira, udalak neurri batzuk hartu ditu. Suposatzen da egoera kudeatzeko hartu diren neurri horiek elkarbizitza hobea bultzatzeko planteatu direla. Hala eta guztiz ere, bistan da pertsona bakar batzuen nahiak betetzeko hartu direla, herriko giroa guztiz kutsatuz. Izan ere, neurri horiek familia baten lanbidea eta bizitza kaltetzen dituzte. Zer behar dago herriko familia eta negozio bati hainbeste oztopo jartzeko?
«Zer behar dago herriko familia eta negozio bati hainbeste oztopo jartzeko?»
Eta, zergatik hartzen dira herriari hainbeste eragiten dieten erabaki garrantzitsuak herritarroi bizkarra emanez? Prozesu honetan zehar, askotan informazioa falta izan dugu, zerbitzu horren erabilera egiten dugun neurrian, guri ere eskaini beharko zitzaigukeena. Bestalde, herritar batzuen ikuspuntua da hartu diren erabakiak gure nahiei eta beharrei erantzun gabe hartu direla. Udalak eremu hauetan azken hitza badu ere, herritarren ordezkari bezala funtzionatu behar du. Otsailaren 23an egin zen batzarrean, udalari egoera honetatik ateratzeko irtenbide bat eskatu zitzaion. Non dago irtenbide hori? Ostatuarekin akordio batera iritsi beharrean, are oztopo gehiago jartzen ari zaie ostalariei.
Zer etorkizun ikus dezakegu gazteok, herriko zerbitzu publikoak arriskuan badaude? Nolako bizitza eraiki dezakegu hilzorian uzten ari garen herri honetan? Izan ere, ostatua izan da biztanleoi 35 urtez etengabeko zerbitzua eskaini diguna, kalitatezko eta hurbileko zerbitzu bat. Are gehiago, herri barneko ekonomian modu positiboan eragiteaz gain, gure herria mapan jarri dute, ahazten ari den herri honen izena kanpoko jende askoren ahoan jarriz. Beraz, azken bi urteotan kanpotar batek jarri dituen salaketei eta egin dituen mehatxuei bukaera ematea eskatzen dugu, ostalariei merezi duten laguntza eskainiz. Egoera hau guztia gertatzen ari dela onartzeak lotsarazi egiten gaitu herri gisa.
«Udalari zerbait egiteko eskatzen diogu»
Azkenik, berriro ere, mesedez, udalari zerbait egiteko eskatzen diogu. Baina ez kanpotar baten nahiak betetzeko, baizik eta herriaren hobe beharra kontuan hartuz, hau da, ostatuak aurrera jarraitzeko neurriak hartuz. Testu hau idatzi dugun gazteok ez dugu ostatuak sortzen duen bizitzarik gabeko herri bat ikusi nahi, non udalekuko haurrek karrikak irriz beteko ez dituzten, mendizaleek herri honetako paisaiak eta bidexkak ezagutuko ez dituzten, guk geuk mendiko buelta baten ondotik zerbait hartzeko tokirik ez dugun, geure familia eta lagunekin bazkari edo afari goxoak egiteko zerbitzurik ez dugun, igandeetan eguerdiko salda eta frijituak hartzeko ostaturik ez dugun, eta abar. Hau dena, Mikelek, Idoiak eta Beñatek eskaintzen dituzten irribarre eta goxotasunarekin batera.
Gure kezkak idazten ditugu hitz hauen bidez, gazteok biziz, irriz eta giro onez betetako Beintza-Labaien batean sinisten dugulako. Hala ere, frustrazio sentimendu batekin ere idazten dugu: udalak orain arte ez badigu herritarrei aditu, zerk ziurtatzen digu oraingoan ezberdina izanen dela?