Doneztebeko bestetako kartel lehiaketa antolatu du udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 10a, 15:30

Bi hilabete falta dira herriko bestetarako, eta udala hasia da antolakuntza lanetan. Aurten, gainera, bestak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu dute. Lanak maiatzaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira eta irabazleak 200 euroko saria irabaziko du

Lanak A2 formatuan (420x 594 cm) formatua izan beharko dute, eta aurkeztutako lanekin batera gutun azal bat atxiki beharko da ondoko informazioarekin: egilearen izen abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. 

Lanak egiteko prozedura librea izanen da, eta lanen atzealdean erabilitako modalitate teknikoa eta koloreak adierazi beharko dira. Irabazleak teknika digitalak erabiltzen baditu, lana USB batean ere entregatu beharko du herriko etxean. Debekatua dago inteligentzia artifiziala erabiltzea lanak sortzeko orduan.

Aurkeztutako karteletatik udalak nahi dituen kopiak egiten ahalko ditu bere erabilerarako, eta udalak eskubidea izanen da aurkeztutako kartelekin erakusketa antolatzeko. Kasu horretan, erakusketaren aretoaren, egunaren eta ordutegiaren berri emanen du udalak. 

Lehiaketaren inguruan zalantzak argitzeko 641 58 99 08 zenbakira Whatsapp mezu bat bidaltzen ahal da. Lanak maiatzaren 2a, ortzeguna, baino lehen aurkeztu beharko dira herriko etxean 14:00ak baino lehen, eta irabazlea bozketa bidez aukeratuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun