[EGUNERATUA] Iturenen Zangozako emakume bat hil da eta bertze bat larri zauritu euren ibilgailua mendiko pista batetik amildu ondotik

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 29a, 08:30

Ezbeharra ortzegun ilunabarrean gertatu da Iturengo Berraintza inguruan. Ageri denez, euren ibilgailua bidetik ateri eta 50 metro inguru erori da. Kolpeen ondorioz 70 urteko emakumea, Zangozako bizilaguna, hil egin da eta bere ahizpa, 71 urtekoa, larri zauritua eraman dute ospitalera.
Argazkiak: Nafarroako Suhiltzaileak.

Foruzaingoak jakitera eman duenez, hildako emakumea bertze hiru ahizparekin batera zihoan ibilgailua gelditu egin zen pistan, ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Orduan, bi autotik jaitsi egin ziren, eta, luze gabe, bertze ahizpak barnean zeudela autoa abiatu, bidetik ateri, eta amildu egin zen maldan beheiti.
 
SOS Nafarroa 112 zerbitzuko larrialdi zerbitzuak 19:49 aldera hartu zuen istripuaren berri, eta Oronozko suhiltzaileen parkekoak, erreskate teknikoko taldekoak, Doneztebeko mediku-erizainak, anbulantziak eta foruzainak joan ziren ezbeharraren tokira.

Amildutako ibilgailuko gidaria, 70 urteko emakumea, hilda aurkitu zuten eta kopilotu zihoan ahizpa, 71 urtekoa, ibilgailuaren barnean harrapatuta gelditua zen eta suhiltzaileek askatu zuten. Berehala, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten anbulantzian pronostiko larriko politraumatismoekin.

Orain Foruzaingoa ari da ikertzen ezbeharraren arrazoiak eta dinamika nola izan zen. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramanen dute, autopsia egitera.
 
 
 
 
 
 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun