Zentral eolikoak eskualdean

'Lurraren defentsan. Euskal Herria bizirik' lelopean apirilaren 13an egitekoa den manifestaziora joateko deia egin du Malerreka Bizirik-ek

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 27a, 18:00

20 bat lagun bildu ziren joan den ortziralean Zubietako eskolan egin zen Euskal Herria Bizirik plataformaren aurkezpenean. Hitzordu berean egin zuten Azpeitian egitekoa den manifestaziora joateko deia.

«Lurraren defentsan, proiektu txikitzaileei aurre egiteko» asmoz sortua da Euskal Herria Bizirik sarea, «natura eta landa ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektuen inposizioari aurre egiteko» eta plataformako bi kidek taldea nola sortu zen esplikatu zuten Zubietan, Malerreka Bizirik taldeak antolatutako hitzorduan. Gisa berean, bildutakoen artean hainbat gai hartu zituzten hizpide: lurren eta biodibertsitatearen degradazioa, trantsizio energetiko eta elektrifikazioa, nazioarteko enpresen negozio gose aseezina, herritarren ekinbide eta ohiturak berriztagarri merkatu globalean...

Horrekin batera, Lurraren defentsan. Euskal Herria bizirik lelopean apirilaren 13an Azpeitian (Gipuzkoa) egitekoa den jardunaldiaz aritu ziren. Egun osoko egitaraua prestatua dute: goizean tailerrak, eguerdian mahai ingurua, ondotik bazkaria eta arratsaldean, 18:00etan, manifestazioa. Hitzorduarekin bat egin du Malerreka Bizirik taldeak eta harat joateko gonbidapena egin du.

Martxoaren 22ko aurkezpena akitzeko, bildutakoek Zubietako taloak eta sagardoa dastatzeko aukera izan zuten. Gisa berean, Malerreka Bizirik-ek «herri plataformak etorkizun jasangarri eta ez suntsitzaile bat gauzatzeko ezinbesteko eragileak garela eta gure indarra elkartasunean dagoela» aldarrikatu nahi izan du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun