Beintzako ostatu-aterpetxearen aferan neurri egokiak hartu dituela adierazi du Beintza-Labaiengo Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 22a, 12:00
Jon Telletxea, Beintza-Labaiengo alkatea.

Beintzako ostatuak urte hauetan egindako lana baloratu du «baina herrian bizikidetza ona izan nahi denean, arauak errespetatu behar direla» jakinarazi du

Orbel Haizea, SLUk kudeatzen duen Beintzako ostatu-aterpetxeak garatzen dituen jarduera batzuen inguruan Beintza-Labaiengo Udalak jaso dituen salaketak direla-eta, «beharrezko aholkularitza juridikoa izanik eta indarrean dagoen legeria zorrotz errespetatuta», korporazio horrek neurri egokiak hartu dituela adierazi du komunikatu batean.

Neurri horiek honakoak bermatzeko hartu dituela dio Beintza-Labaiengo udalaren komunikatuak: «aterpetxeak behar bezala funtzionatzea, bere garaian emandako emakidaren baldintzei eta jarduera horiek arautzen dituen gainerako ordenamendu juridikoari egokituta; Beintza-Labaiengo jabari eta erabilera publikoko espazioak behar bezala erabiltzeko; atseden hartzeko eskubidea eta elkarrekin bizi ahal izatea, interes legitimoen eta babestu beharrekoen artean nahi ez diren afekziorik sortu gabe, betiere guztiok balia ditzakegun kontrol administratibo eta judizialeko prozedura arrunten mende».

Beintza-Labaiengo Udalak, «hasieratik bizilagunen arteko gatazkan bitartekari-lanak egiten saiatu denak», Beintzako ostatuak urte hauetan egindako lana ere baloratu du. Hala ere, «gogorarazi behar dugu arauak errespetatu behar direla, batez ere herrian bizikidetza ona izan nahi denean», jakinarazi du udalak igorritako komunikatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun