«Orain 1.080 hurbilago dugu, baina presioa egiten segitu behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 19a, 10:00

Atzo eguerdian 36 lagun bildu ziren Donezteben egindako elkarretaratzean. Argazkia: Julen Mitxeltorena.

Martxoko elkarretaratzea Donezteben egin zuten atzo Baztan-Bidasoko Pentsiodunek. 36 lagun bildu ziren, eta kontatu dutenez, taldea handitzen ari da. Horrekin batera, 1.080 euroko guttieneko pentsioa lortzeko azken hilabeteetan egindako lana txalotu zuten, baina «oraindik dena egin behar dela eta pentsiodunok presionatzen segitu behar dugula» nabarmendu zuten; «hartutako konpromisoa bete dadin».

Sinadura bilketa, mozioak udaletan eta legebiltzarretan, elkarretaratzeak eta manifestazioak... Azken hilabeteetan 1.080 euroko guttieneko pentsioa aldarrikatuz egindako «lan dezenteaz» aritu ziren atzoko agerraldian Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Jakinarazi zutenez, «Nafarroako Gobernuak 2024ko aurrekontuetan pentsiodun guztiei 1.080 euroko pentsioa bermatzeko behar den diru kopurua sartzea ez du onartu», baina baikor mintzatu ziren: «badago konpromiso bat, batzorde baten bidez, 2025eko aurrekontuetan gehitu beharreko kopurua zenbat izanen den aztertzeko». Baztan-Bidasoko Mugimenduko kideen hitzetan, «ez da lorpen makala, baina oraindik dena egin beharra dago, eta pentsiodunok presionatzen segitu behar dugu, hartutako konpromisoa bete dadin».

Zaintza eta osasun arloko gabeziak

Bertzetik, «zaintza eta osasun arloan dauden gabeziak» ere agerian utzi zituzten, eta «aldika larriak» direla gaineratu zuten. Eskualdeko «gabeziak» ere aipatu zituzten: «telefonoz hitzorduak hartzeko zailtasunak, berehala artatzeko premia den zenbait kasutan ondoko egunetarako hitzorduak ematen... Kasu aunitzetan pribatuetara jotzen da Osasunbidean ez dutelako behar den arreta ematen».

Adinekoen zaintzari lotuta, Elizondoko Francisco Joakin Iriarte zahar etxea publiko egin izana txalotu zuten berriz, baina honela kontatu zuten: «bada eraikinean aldaketa sakon bat egiteko erabakia, eta horren ondorioetako bat 155 lo lekutatik 99 lo lekutara pasatzea izanen da. Horren kudeaketa ez da batere erraza izanen, egoiliarren bizi kalitatea eta langileen lan baldintzak duinak izan behar dutela kontuan hartuz». Hala, «alde guztiei eskuzabaltasunez jokatzeko» eskatu zieten pentsiodunek.

Palestina gogoan

Jardunaldi ekosozialez ere aritu ziren, eta maiatzaren 11n Bizitza duinak eta alternatiba ekosozial justu baten alde egitekoa den jardunaldiaren berri eman zuten. Aitzineko aldietan bezala, Palestinako egoera ere hizpide hartu zuten: «Bortz hilabete daramatzagu Israelen genozidioa bukatzea eta Palestinaren askatasuna aldarrikatuz. Eta Israelek sarraskia egiten segitzen du». Bide beretik, «munduko potentzia handienen gizatasun eza ikaragarria» salatu zuten. «Hala ere, geroz eta gehiago dira sarraskia behin betiko geldi dadila eskatzen duten ahotsak eta mobilizazioak, baina ez nahikoak nonbait. Segi dezagun ahotsa goratzen eta boikota eraginkorra egiten».

Mugimendua handituz

Bukatzeko, kontent agertu ziren «Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduan kide berriak sartzen ari direlako». Euren ustez, «horrek aldarrikapenen dimentsioa handitzen eta mobilizazioak eraginkorragoak izaten laguntzen du. Segi dezagun bide horretan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun