Berria egunkarian (2024/02/18) Aritz Otxandianoren eskutik Trantsizio energetikoari ezetz? artikuluan landa eremuko bailara eta herrietako lurretan jarri asmo dituzten poligono eolikoen aurka aritzen diren (garen) plataformei buruz esandakoaren harira, hona neure burutazioak zenbait puntu argitu nahian.
Nago Otxandiano jaunak tiroa erratu duela. Eredu desarrollista eta txikitzaile batetik etorkizun jasangarri baterako ahaleginetan dabilen eremu soziopolitikoko zu bezalako aditu batek herri plataformak gutxietsi edota oztopotzat hartu? Trantsizioa ez al da parte hartzailea izan behar?
Bai, Otxandiano jauna, gu ere kezkatuta gaude lurraldearen eta planetaren etorkizunaz. Energia kutsatzaileen zokoratzea ez dago eztabaidagai, baina afera larria da eta denon bizi baldintzak kolokan jartzen dituen giro batean murgiltzen ari garela ematen du. Mehatxuak hor daude (ingurugiroaren suntsiketa, aberastasunaren banaketa hiltzailea, aginte makroekonomikoen bidegabekeria…) eta energiaren arloan irtenbideak bilatu beharrean gaude nahi eta nahi ez. Gaia konplexua da, dudarik ez, baina gu ez gatoz «erregai fosilen kapitalismo grisaren statu quo betikotzera», Otxandiano jauna. Egoera honetara ekarri gaituen kapitalismo basatiaren itxurak, berriro ere, sumatzen ditugu energia berriztagarrien garapen ero honen atzean ezkutatzen den merkatu globalean. Garatu nahi dituzten proiektu erraldoi horien atzean diru goseak eta etekin aseezinak daudela sumatzen hasi gara: euren zabalkundea ez da pertsonen eta komunitateen ongizatean oinarritzen: errentagarritasun ekonomikoa maskara berdez estali eta energia berriztagarrien izenean betiko negozioarekin jarraitu.
Ez, gu ez gara NIMBYak (nimby= Not In My Back Yard, «ez nire baratzaren atzeko aldean»). Guk ez dugu nahi besteentzat guretzat nahi ez duguna. Arazoa ez da poligonoen lokalizazioa , Otxandiano jauna, eredua baizik. Antzerki globalean mugitzen gara baina lekuan lekuko ekinbideak sustatu nahi ditugu. Pertsonek hurbileko espazioetan garatu ohi dituzte euren bizitzak (bai hirietan, bai landa eremuan). Espazio horien kudeaketa eta erabilpen moduek baldintzatzen dituzte gure bizitzak.
Makropoligono energetikoen aurkako gure jarrera ez da sortu irrazionaltasun edo erromantizismo berekoi batetik. Bai, Otxandiano jauna, guk emozioak ditugu, zuk bezala, baina arrazoibideak ere bai. Gure ingurumarietan eraiki nahi dituzten (dituzuen?) proiektuak ekinbide arriskutsuak dira eta gure kritikak alderdi aunitzetatik sortzen dira: ikuspegi ekologikoa, baliabide naturaletan eta osasunean ondorio itzulgaitzak, eraginkortasun energetikoa, bideragarritasun ekonomikoa…
Arazo potoloak direla ezin uka eta zuk diozun bezala poligono horiek ez zaizkigu inposatuko: beren hedapena modu zentzudun eta orekatuan egingo da... baina gure jarrera ere zentzuduna eta orekatua da: ez dugu «berriztagarrien hedapenaren aurkako posizio itxi eta erabatekoa» zuk diozun bezala. Trantsizio energetikoan herritarrek eta komunitate txikiek badute zer esan (batez ere eremu ez urbanoetan) eta «gure posizio itxi eta erabatekoa» kapitalen nazioarteko funts eta enpresa erraldoi aseezinek energia berriztagarriekin burutu nahi duten negozio gupidagabearen aurka doa. Gurea bezalako herri plataforma batek debate publiko eta demokratikoa bultzatu nahi du eta erabakiak guk, herritar bezala, ezin ditugu merkatu eta enpresa diruzaleetako ingeniari «berdeen» esku utzi, ez eta politikari salbatzaileenetan ere.
Ez, Otxandiano jauna, gu ez gara ekosistema natural aberatsen «zaindariak». Guk ere mendien ustiaketa intentsiboaren kalteak ezagutu ditugu eta horregatik bestelako praktika politiko bat aldarrikatzen dugu, jasangarriagoa eta pertsonei lotuagoa. Jakin badakigu aldaketa sakonak egin ezean, ezin izango dugula lortu aurrera egin eta aldaketa horiek gure gizarteen bizimoduak inplikatzen dituzte. Horregatik gure jarrera ez dago irudikapen bukoliko batean oinarrituta, badakigu orain arte bezala jarraitzeak hondamendira garamatzala, horregatik sortu ditugu herritarren plataformak: informatzeko, eztabaidatzeko, ekiteko eta arduraz jokatzeko.
Berriki irakurri ditut Giles Dicksonen (Wind Europe Europako patronal eolikoaren kontseilari delegatua) hitzak Europako Batzordeak onartu duen Pack Eolikoaren harira: «joko arauak gaurgero aldatu dira finantziazio, enkante eta baimenei buruz. Dena bizkortu eta arinduko da parke eolikoen inguruan». Ingurugiroarekiko begirunea arindu eta dirua parrastaka eskuratu politikarien eskutik. «Abiadura eta hazkundea» hitzak ezagunak egingo zaizkio Otxandiano jaunari. Negozio horretan ere jokatzen al du berak?.