Aimar Jabalera ongi hasi da Berria erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 11a, 19:00
Aimar Jabalerak ongi jokatu zuen Berria txapelketako lehen partidan.

Aimar Jabalera doneztebarrak eta Goikoetxea VI.ak 0-2 (9-15 eta 10-15) lortu dute garaipena, Irazuren eta Zalduaren aurka, Berria Erremonte Txapelketako lehendabiziko partidan. Urdinak nagusi izan dira partidan eta lau puntu lortu dituzte. Galtzaileek ez dute punturik lortu. 

A taldeko bi bikoteak gogotsu irten dira Galarretako kantxara. Joseba Goikoetxea zestoarraren debuta izan da profesional mailan eta gauzak ezin hobe egin ditu. Ez du akatsik egin eta guztira hamar tanto lortu ditu, horietatik bortz sakearekin. Gainera, partidako azken-aurreko tantoa bi pareta dotore batekin bukatu du. Hala ere, partidako izarra Aimar Jabalera doneztebearra izan da. Bertze behin bere indarra erakutsi du, bere pilotakadek abiadura itzela dute eta aldeak lortzen ditu sasoi horrekin. Defentsan hobekuntza nabarmena izan du eta etorkizunean kontuan hartu beharreko erremontista baten aitzinean daude zaleak.

Lehenenengo jokoa urdinen aldekoa izan da, 9-15. 9-10eko markagailura arte berdintasuna izan da nagusi, nahiz eta urdinek gehiago agintzen zuten. 0-5eko azken partzial batek erabaki du aurreneko jokoa. Jabalera izan da onena set honetan bederatzi tantorekin. Gorriak ez dute asmatu momentu erabakigarrian.

Bigarren seta urdinen alde hasi da 2-7, baina Irazuk Jabaleraren jokoa berdindu du, zazpinako eta zortzinako berdinketak markagailuan jarriz. Goikoetxearen momentua orduan iritsi da. Piloteoan ere erasokorra izan da eta urdinen azken bost tantoetatik berak egin ditu lau. Zortzinako berdinketatik 8-12ra egin dute ihes urdinek eta gorriak 10-12ra hurbildu arren, azken hiru tantoak Jabalerak eta Goikoetxeak egin dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun