ASIER ANTUÑA ZELAIETA

«Neure buruari erronka gogor bat jarri nahiko nioke»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 2a, 10:00

Mendian bizikletan eta lasterka ibiltzea du zaletasun Asier Antuña sunbildar gazteak, eta bere afizioaz mintzatu da TTIPI-TTAPArekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

Sunbillako mutiko alai eta kirolaria. Lagunekin zein hurbileko pertsonekin egotea aunitz gustatzen zait.

Zein dira zure zaletasunak?

Bizikletan eta lasterka ibiltzea nabarmenduko nituzke. Nire egunerokoaren parte dira bi kirol horiek eta tartetxo bat behintzat eskaintzea aunitz gustatzen zait, arazoak ahazten laguntzen bainaute.

Zeinekin hasi zinen lehenbizi?

Bizikletan betitik ibili naiz, aitaren zaletasunari segida emanez. Ttikitan Donejakue bidea egitera eramaten ginduen anaia eta biok.

Noiz hasi zinen lasterketetan?

Konfinamenduaren ondotik, lagunek lasterketa bat probatzera animatu nindutenean. Nahiz eta kirola zaletasun gisa hartu, polita da lasterketako tentsioaren bizipena.

Kirol exijentea da?

Exijentzia maila norberaren araberakoa da. Noski, lasterketa bat egiterakoan ordu gehiago eskaini behar zaizkio, baina bakoitzaren helburuak markatzen dute exijentzia maila.

Lekurik gustukoena bizikletan ibiltzeko?

Nire herri inguruan, Mendaur aldera joatea adibidez, xenda politak izaten baitira.

Eta lasterka aritzeko?

Oteixon mendi aldera joatea gustatzen zait, bertako bistak eta ilunabarrak ikaragarri miresten baititut. Ahal dudan guztietan hara joaten naiz.

Duatloietan bikoteka lehiatu izan duzu, ezta?

Bai, emakume eta mutilekin, eta aunitz gustatu zait esperientzia, lagunen artean ongi pasatzeko modutzat hartu ditugulako. Esperientzia aberasgarria da, frogetan giro polita izaten da eta lagunak egiten ditugu.

Zer nahiago duzu, lasterka edo bizikletan?

Bizikleta, ttikitatik izan dudan zaletasuna delako. Gainera, bizikletan ibiltzean eta lehiatzean sentsazio hobearekin ateratzen naiz.

Bete nahiko zenukeen ametsik?

Neure buruari erronka luze eta gogor bat jarri nahiko nioke; barne borroka horrek emaitza izateak polita izan behar du.

Zure asmoak etorkizunean?

Lagun artean martxa eta lasterketa batzuk egin nahi ditut, eta duatloi bat nik bakarrik egitea ere gustatuko litzaidake. Froga osoa nire kabuz burutzearen sentsazioa sentitu nahi dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun