Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan, gehienbat Anita Hualde, Ibai Juanikorena, Markos Juanikorena, Batixta Santesteban eta Beñardo Iparragirre. Haiekin batera, Jone Laspiur –2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna– izan da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.
Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osaturiko Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da honakoa, eta Maluta* films eta Cornelius Films izan ditu ekoizle.
Otsailaren 23an, ostiralean egin zuten estreinaldi ofiziala Iruñeko Golem zinemetan eta bertan izan ziren Zubietako joaldunak. Beste zinema komertzialetan ere egun horretan estreinatu zuten. Larunbatean, berriz, Donezteben egin zuten estreinaldi jaialdia eta hemen ere ez zuten hutsik egin Zubietako joaldunek, trikitilari eta pandero joleek eta beste hainbat zubietarrek. Joare soinu eta musika doinu artean ibili ziren Donezteben, zinean filma ikusi eta gero, errodajean erabilitako hainbat tresna eta gailuren erakusketa ere izan zuten, Zubietako plaza irudikatzen zuen maketan. Ondotik, 60 bat lagun bildu ziren Santamaria jatetxean egindako afarian.