Saldiasko Argilore etxean jaio zen Oskar Urrutia Escudero 1987ko otsailaren 15ean. Ordurako txapeldun zen Migel Mari anaiaren bidea segituz, 22 urterekin erremonte profesionalean debuta egin zuen Urrutia II.ak. Hiru urte beranduago utzi behar izan zuen, baina 2019an, 32 urterekin dagoeneko, bigarren aldiz debuta egin zuen. Profesionaletako bigarren garaia akitzeko otsailaren 3an jokatu zuen azken partida Galarretan.
Erremontista profesional bezala zure azken pilotakadak eman zenituen otsailaren 3an Galarretan… Nola sentitu zinen? Koadroko pilotariek arkua, oparia… emozio handiko uneak izanen ziren zuretzat?
Emozio handiko eguna izan zen, familiakoak eta hainbat lagun bertara joan ziren eta gainera erremontistengandik jasotako babesa zoragarria izan zen. Beraz, esan dezaket oso egun polita izan zela.
Noiz hasi zinen erremontean eta nolakoa izan da zure ibilbidea profesionaletan?
Hogei urte nituela hasi nintzen erremontean jokatzen, eta 22 urte nituela, 2009ko abenduaren 19an debutatu nuen Galarretan. Egun berean Aritz Zubiri goizuetarrak ere debutatu zuen. Eta egia esateko oso ibilbide gorabeheratsua izan da. 25 urterekin utzi nuen eta berriz ere, 2019ko azaroaren 14an debutatu nuen bigarren aldiz profesionaletan, 32 urterekin. Bigarren aldi honetan lau urte pasatxo egin ditut.
Zein izan da ibilbide horretan zure momenturik onena? Eta txarrena?
Ibilbidean izandako momenturik onenak aldageletan pasa ditugun momentuak dira eta txarrena izandako hainbat lesio.
Zerbaiten damua gelditu zaizu? Egin nahi zenukeena eta egiteko aukerarik izan ez duzuna?
Anaiarekin torneoren bat ez jokatu izana, horixe dut pena bakarra.
«Anaiarekin torneoren bat ez jokatu izana dut pena bakarra»
Dena den, erremontea zure lanbidearekin ere bateratu behar izan duzu?
Bai, erremontistaz gain, gaur egun komertziala naiz. Momentuz gustura nago lanpostuan eta aurrera begira jarraitzeko asmoarekin.
Migel Mari Urrutiaren anaia izateak zein neurritan baldintzatu du zure ibilbidea? Zenbateko zama izan da Urrutia II.a izatea?
Anaiarekin askotan entrenatu dut eta berak zekiena irakatsi dit eta oso baliotsua izan da. Aldiz, esan beharra dut oso zaila izan dela anaiaren maila ematea. Oso harro nago anaiak izan duen ibilbidearekin eta berekin bizitako momentuekin. Berak 2012ko otsailaren 4an jokatu zuen azken partida Mexikora joan baino lehen eta astebete lehenago, urtarrilaren 28an, berekin batera jokatzeko aukera izan nuen lehen eta azken aldiz, baita irabazi ere. 40-38 irabazi genien bi anaiek Urtasun eta Aizpurua II.ari.
Nola ikusten duzu erremontearen etorkizuna?
Erremontearen etorkizunaren inguruan aipatzekoa da gaur egun Oriamendi enpresa egiten ari den lana, hainbat erremonte txapelketa antolatuz eta telebistan eta sare sozialetan egiten duen publizitatearekin. Hala ere, etorkizunerako iruditzen zait pilota eskolak bultzatu beharko liratekeela kirolak nolabaiteko jarraipena izateko.
Besterik?
Erremontea ikusi ez duen jendea partidu bat ikustera animatzea gustatuko litzaidake, kirola zuzenean ikusteko eta momentuaz gozatzeko. Gainera eskerrak ematea gustatuko litzaidake izandako aukeragatik bai Oriamendi enpresari, baita erremontista guztiei ere.