Joan den astean, harrituta gelditu ginen TTIPI-TTAPAk Industria kontseilariari egindako elkarrizketarekin, Bortzerrietako alkateekin egindako bileraren ondoren. Nafarroako mendialdean (bai Malerrekan eta bai Bortzerrietan) poligono eolikoen kontra borrokan ari diren kolektiboetako kideetako askok ulertu genuen kontseilariaren baieztapen horiek Nafarroako Gobernuaren erreakzioa zirela, ikusita zenbat gutun jaso dituzten industria eta ondare departamentuek Malerreka Bizirik plataformak idatziak eta berriki baita Haizeak Bizirik, Arantza Bizirik, Igantzi Bizirik eta Azkua Bizirik plataformek ere, proiektu eolikoen aurkakotasuna adieraziz eta informazio gaurkotua erreklamatuz, bai eta solasaldi bat ere administrazio publikoarekin prozesuaren alderdi aktibo gisa.
Gutun horiek guztiek eta TTIPI-TTAPAn azken hilabeteetan makroproiektu eolikoekin kritiko-kritiko agertu diren artikuluek, eta zuzenean Industria kontseilariari informazioa eskatuz udal batzuek egin dituztenek (Eratsunek, Zubietak, Etxalarrek, Igantzik) arranguraren bat piztu izanen dute Nafarroako Gobernuan, eta, jada 2023ko maiatzean eta ondoren azaroan eta abenduan Malerreka Bizirik plataformaren beste lau gutun jaso zituztenez, oraingo honetan errotik eten nahi izan dute polemika, bilera bat antolatuta Bortzerrietako alkateekin eta ondoren, Nafarroako mendialdean gehien irakurtzen den hedabidean adierazpen batzuk eginez. Adierazpenokin iritzi publikoa lasaitu nahi izan dute, baina guk argi ikusten dugu mobilizazio kolektiboa itzaltzeko asmo argi bat.
Kontseilariak ez digu segurtasun handirik ematen baieztatzen duenean ez dituela «egingarri» ikusten Zelena Renovable enpresaren Irakurriko eta Azkuko makroproiektuak —orain sare elektrikoko konexioa egitekoa dutenak Iberdrola banatzailearekin duten gatazka bat dela eta—. Zergatik? Ematen dituen bi argudioak ez direlako arrazoi teknikoak Industria Departamentuan tramitaziorako proiektuak aurkezten badira horiek alde batera uzteko. Iritziak dira: kontseilariari ez zaizkio gustatu gardentasun falta (Zelena enpresa ez da harremanetan jarri ez departamenduarekin eta ez udalekin) eta lurraldetasun falta (Zelena Renovablek Madrilen du egoitza). Hori bai, Nafarroako mendialdeko herritarren belarriei oparia egin nahi izan die argudio sinple horiekin, ez baitute deusetara konprometitzen, horiekin ezin baititu proiektuak ofizialki baztertu, baldin eta araudia betetzen badute. Zelenarengatik dio hori, eta gauza bera esaten ahal zuen Eliciorengatik, atzerriko enpresa bat hura ere; Nafarroan errotua egoteak ez baitu enpresa hobea bihurtzen, haren proiektuak bestearenak bezain suntsitzaileak izan daitezke. Plataformek, ordea, baditugu argumentu sendoak haiek ez onartzeko; kontseilariak ez du haietako bat bera ere erabili, eta ez da mintzatu gurekin (plataformakooi) gizarte zibila ordezkatzen dugunokin eta gutunak igorri ditugunokin.
Eta guk esaten dugu: kontseilariak adierazpen horiekin adierazi nahi izan badu Nafarroako Gobernuak borondate politikoa duela proiektu eoliko horiek ez onartzeko —nahiz eta logikoki legez behartuta egon izapidetzera—, horrek esan nahi du ez direla aurrera aterako proiektu horiek baina bai «lurraldera lotuta» aurkez daitezkeen beste batzuk? Ez gaitu batere lasaitzen horrek.
Hori dela eta, egiaz borondate politikoa baldin badago Nafarroako mendialdean proiektu eolikorik ez instalatzeko, foru gobernuak oso erraza du: egin ditzala halakoak galaraziko dituzten legeak. Bizitza —gurea eta natura osoarena— diruaren gainetik defendatzen dugunok eta ekosistemak, biodibertsitatea, oreka naturala, edertasuna eta paisaiaren lasaitasuna, osasuna eta gure ogibidea babestu nahi ditugunok, dei bat egiten diogu Nafarroako Gobernuari: egin eta onar ditzala legeak eta debeka ditzala industrialde eoliko eta fotovoltaikoak Nafarroako mendian eta landan. Foru gobernuak haiek debekatzen dituen lege bat promulgatzen badu, orduan bai lasai geldituko gara, zeren eta, gisa horretara, ofizialki izanen dugu berme bat inolako enpresak ez duela kolonizatuko gure lurraldea eta industrializatuko gure landa eta mendia diru goxo pozoituarekin.