Uhaldea edo, herritar askok ezagutzen duten bezala, garai bateko sekretarioaren etxea zaharberritzeko lanak esleitu ditu Zubietako Udalak otsailaren 16an egindako udal batzarrean. Eskaintzak aurkezteko epea bukatu baino lehen hiru eskaintza aurkeztu zituzten eta kontratazio mahaiak Elecnor servicios y proyectos SAU enpresak egindako eskaintza hautatu du, kalitatearen eta prezioaren arteko oreka onena zuelakoan. Enpresa honek 258.777,96 euroko eskaintza egin du (BEZa gabe).
Beheko solairuan, gaur egun mediku kontsulta dago. Ernesto Dominguez alkateak aipatu digunez, «kontsulta berrituko dugu, baina bi gela egonen dira, medikuarentzako eta beste bat erizainarentzako. Beheko solairuan ere aurreikusia daude aldagelak. Horri esker, plazan dantzak, aizkora,.. dena delakoa denean, aldatzeko lekua izanen dugu».
Lehenengo solairuan, berriz, udal bulegoak egonen dira eta bigarren solairua momentuz hutsik utziko dute. Obrak egiten hasi aurretik zenbait moldaketak egin beharko dituzte Zubietako eskolako eraikuntzan, obrak irauten duen bitartean mediku kontsulta hor pasa beharko baitute. Besteak beste ranpa bat, zola egokitu... eta horrelako lanak egin beharko dituzte.