Zubietan grabatutako ‘Negu hurbilak’ filma aurkezteko besta izanen dute larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 20a, 10:00

Zubietako irudi ikusgarriak ageri dira 'Negu hurbilak' filmean.

Zine komertzialetan aurkeztuko dute filma aste honetan, Iruñean ortzegunean eta estatu mailan ortziralean

Zubietan grabatu zen Negu hurbilak filma eta bere garaian herrian bertan ikusteko aukera izan zen. Beste zenbait jaialdietan ere ikusi da filma, zehazki Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko Cineasti del Presente sailean izan zuen mundu mailako estreinaldia, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratuta, baina aste honetan zinema areto komertzialetara ailegatuko da. Zehazki, otsailaren 22an, ortzegunean, Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan eginen dute estreinaldia, biharamunean estatu espainiarreko zinemetan zabalduko dute eta hilaren 24an, larunbatean, Doneztebeko zinean eginen dute aurkezpena.

Aurkezpen jaialdia eta afaria Donezteben

Doneztebekoa ez da aurkezpen soila izanen da eta arratsaldeko jaialdi berezia antolatu dute, jai giroan. Honela, larunbatean 17:00etan Zubietako joaldunak karrikaz karrika ibiliko dira, Negu Kolektiboko filmeko egile eta protagonistekin. Aipatzekoa da Jone Laspiur (2021eko emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna) izan dela aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean. 19:00etan izanen da pelikularen emanaldia zineman eta 21:30ean afaria Santamaria jatetxean. Oraindik bada aukera emanaldira apuntatzeko, 626 87 91 82 telefonora deituz. Afarirako txartelak 35 eurotan daude salgai. Menuan, entsalada, kroketak, magra, txuleta, kafea, kopa edo kubata izanen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun