Tolosan zauritutako gazteari eta haren familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Iturenen

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 15a, 08:00

'Babes eta elkartasun osoa zaurituarekin. Biolentzia polizialik ez!' lelopean hainbat herritar bildu ziren atzo Iturenen.

Tolosako inauterietan, astelehen goizaldean, Villabonako (Gipuzkoa) 16 urteko gazte bat larri zauritu zen Ertzaintzaren jaurtigai batek jota. Zauritutako gaztea herriko familia bateko senidea denez, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Iturenen, gazteari eta familiari babesa adierazteko.

Iturengo agerraldian Tolosako inauterietan «Ertzaintzak biolentzia neurrigabea» erabili zuela salatu zuten: «Beotibar kalea polizialki hartu eta bertan zeudenen aurka kargatu zuen. Aditu dugun aitzakia bakarra liskar bati bukaera eman nahi ziotela izan da, karga horietan inongo segurtasun neurririk bermatu gabe». Kontatu zutenez, «Ertzaintzak hainbat pilotakada bota zituen eta horietako batek 16 urteko Villabonako gaztea begian kolpatu zuen, larriki zaurituz». Oraindik ospitalean segitzen du.

Atzo Iturengo plazan bildutakoen irudiko, «arduragabekeria hutsa da Ertzaintzak jendez beteta zegoen kale horretan izandako jokaera. Zoritxarrez, horrelako gertakariak ez dira berriak. Ez al dute azken urteetan deus ikasi?».

Hala, «aski dela errateko» garaia dela nabarmendu zuten, eta horrekin batera, «Villabonako herriari, zauritutakoari eta bere senideei elkartasuna eta babesa» adierazi nahi izan zieten, baita hiru eskaera luzatu ere: «Lehenbailehen azalpen publiko argiak ematea; kargaren agindua emateko ardura nork izan zuen argitzea eta neurriak hartzea; eta horrelako gertakari bat berriz gertatu ezin dela aldarrikatzea».

Larunbat honetan, 12:00etan, Tolosako Triangulo plazan mobilizazioa egitekoa da eta harat joateko deia eginez akitu zuten atzoko elkarretaratzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun