Manex Ormazabal

«Geroz eta harreman estuagoa dago roboten eta gizakion artean»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 11a, 10:00

2020ko udazkenean joan zen Ingalaterrara Ormazabal. Han bizi da geroztik.

Manex ORMAZABAL ARREGI, Zubietako ingeniaria

Robotikak erakarrita, mundu horretan ikasten eta lanean ari da zubietarra. Etorkizuneko iraultza izan daitekeela dio, eta industrian hasi baziren ere, gero eta arlo gehiagotan erabiltzen dela kontatu du.

Ttikitatik maite izan du teknologia, berak dioen bezala, «makinak kuxkuxeatzea eta nola funtzionatzen duten ulertzea». Eta bere afizio horren bueltan, robotikaren munduan murgildua dabil Manex Ormazabal Arregi (Zubieta, 1995). Goi mailako bi ziklo egin zituen lehenbizi, horietako bat robotikari buruzkoa, eta ondotik industrian lanean ibili zen. Ez zitzaion gustatu, eta robotikan hasitako bideari segida ematea erabaki zuen. 2020ko udazkenean Liverpoolera joan zen robotikako ingeniaritzako gradua egitera, eta geroztik Ingalaterran dabil.   

Liverpoolera joan aurretik zer ikasketa egin zenituen? 

Bi goi mailako heziketa ziklo ikasi nituen: lehenbizi mekatronika industriala eta ondotik, automatizazio eta robotika industriala. Ikasketak akitu ondotik, industrian lanean aritu nintzen, mantentze lanetarako teknikari eta produkzioan. Baina ez zitzaidan asko gustatu eta robotikarako interesa piztuta, ingeniaritzako gradu bat egitea pentsatu nuen. Hasieran, bertan ikastea pentsatu nuen, baita probatu ere, baina ez nuen gustuko robotikako ikasketa hain espezifikorik aurkitu. Oso aukera gutxi zegoen Euskal Herrian eta Espainian, eta kanpoan ikasteko ideiarekin bueltaka hasi nintzen eta Erresuma Batuan robotikako gradua egiteko aukera pila zegoela ohartu nintzen. Aurretik ingelesa ikasten ere aritu nintzen Irlandan eta Australian, eta horrek asko lagundu zidan Ingalaterrara joan eta ingelesez ikasterakoan. Unibertsitateetara eskaerak bidaltzen hasi eta Erresuma Batura ikastera joateko prestatzen hasi nintzen. Liverpooleko Hope University aukeratu nuen.  

«Ikasten ari zarena edo zure lana gustukoa izatea oso garrantzitsua dela uste dut»

Zergatik robotika? 

Robotikak beti erakarri izan nau eta nire zaletasuna ere bada. Ikasten ari zarena edo lana gustukoa izatea oso garrantzitsua dela uste dut, horrek asko errazten baitu dena. Unibertsitate horretan robotikako gradua oso praktikoa delako erabaki nuen egitea, eta gainera, goi mailako heziketa zikloei esker, graduaren parte bat baliozkotzeko aukera eman zidatelako. 

Nondik heldu zaizu zientziarako zaletasuna? 

Ttikitatik gustatu izan zait teknologia. Beti gustatu izan zait makinak kuxkuxeatzea eta nola funtzionatzen duten ulertzea.

Birminghamen, kanalaren ondoan. Urteotan «jende asko ezagutu» eta «bizipen ugari» izaten ari dela kontatu du Ormazabalek. 

Zer moduzko moldatzen zara etxetik kanpo?

Orokorrean esperientzia ona izaten ari da. Jende asko ezagutzeko aukera izan dut, baita bizipen ugari izan ere, bai unibertsitatean, bai  lanean edo bai aisialdian. Hala ere, nire kasuan behinik behin, ez da berdina hasierako etapa edo denbora dezente duzunean kanpoan. Hasieran leku berri batera ailegatzean, beti da zirraragarriagoa, eta denbora pasatu ahala, leku berean urte batzuk pasatu ondotik, ilusio hori pixka bat galtzen da. Liverpoolen hiru urtez bizitu naiz eta azken urtean, tokiz mugitzeko beharra sentitzen nuen. Oso gustura egon naiz, baina han dena egina nuela sentitzen nuen. Orain, Bristolen nago, hiri diferentea da, beste jendea, bestelako giroa eta unibertsitatean nagoenez, beste etapa batez gozatzen ari naiz. Hala ere, esan behar dut etxetik urruti bizitzea ez dela erraza eta batzuetan kosta egiten dela, askotan zure herriaren, jendearen, familiaren edota janariaren falta sumatzen duzulako. Orain oso komunikatuta bizi garenez, nahiz eta kilometro askotara egon, errazagoa da jendearekin solastatzea nahi duzunean. Gogorrena etxean egun batzuk pasatuta, berriz Ingalaterrara bueltatzeko momentua dela esanen nuke, eta lehenbiziko egunetan kosta egiten da. Hala ere, badakit nahi dudanean bueltatu naitekeela etxera eta ez dela betiko izanen atzerrian bizitzearena. Horrela pentsatuta errazagoa da. 

Liverpooleko unibertsitatean ohorezko matrikula lortu zenuen. Ordu askotako lanaren emaitza izan zen? 

Pandemia garaia zen, eta aisialdirako aukera gutxi zegoenez, gehienbat ikasketetan zentratu nintzen, ez nuen denbora alferrik galdu nahi izan. Gainera, gradua oso praktikoa izanik, gustura aritu nintzen ikasten eta proiektuetan lanean. Horrek asko lagundu zidan emaitza onak lortzeko.  

Robotikaren inguruko hainbat ikerketa lan egin zenituen. Azalduko zenuke? 

Graduan proiektuak egin behar izan nituen hainbat irakasgaitarako, eta irakasleek proiektuak ikerketa lan gisa argitaratzeko aukera eman zidaten. Publikatutako bi lan nire proiektuak izan ziren, bat lau gurpileko robot autonomo bati buruzkoa eta bestea esku robotiko batena. Beste bi ikerketa artikuluak nire irakasle baten eta doktoretzako ikasle baten proiektukoak izan ziren, elkarlanean garatuak, gradu amaierako lana egiten ari nintzelarik egindakoak. Proiektua gel materialeko ukipen-sentsore bati buruzkoa izan zen, robotei gizakien antzeko ukimen gaitasuna emateko helburuarekin. 

«Robotikaren mundua etengabe hazten eta eraldatzen ari da, batez ere adimen artifizialaren etorrerarekin»

Gero eta gehiago aditzen da robotika. Zure ustez hori da etorkizuneko iraultza? 

Badirudi baietz. Hasieran industrian bakarrik hasi ziren robotika erabiltzen, baina gaur egun, gero eta arlo gehiagotan ikusten da: medikuntzan, salbamenduetan, esplorazioan, nekazaritzan edota etxeetan, esaterako. Gainera, robotikaren mundua etengabe hazten eta eraldatzen ari da, batez ere adimen artifizialaren etorrerarekin.

Zer aldaketa ekarriko ditu? 

Dagoeneko aldaketa ugari ikusten ari gara hainbat sektoretan. Batzuk aipatzen hasita, gidaririk gabeko ibilgailu autonomoak, gauzak garraiatzen dituzten droneak, etxea garbitzeko robotak... Eta oraindik aldaketa gehiago izanen dira. Aldaketa horiek, nagusiki, gizakion eginbeharrak erraztuko dituzte eta orain arte ezinezkoak ziren gauzak egin. Medikuntzan, adibidez, robotikako ikertzaileak lanean ari dira minbizia edo bestelako gaixotasunak nanorobotika erabiliz tratatzeko, edo kirurgia bat teleoperatutako robot baten bidez egiteko, milaka kilometrotara dagoen pertsona batek kontrolatuta. Azken aldian, biorobotika eta robotika biguna dira ikertzaileak lanean ari diren robotikako arlo nagusienak. Biorobotikak naturako organismo biologikoetan, animalietan eta landareetan, adibidez, inspiratutako robotak sortzea du helburu, batetik robot sistema berriak sortzeko, baina batez ere, gizakiei natura hobeki ulertzen laguntzeko, zientzialariei edo biologoei, esaterako, edota esploratu gabeko izakiak aurkitzeko itsasoaren behean. Robotika bigunak, hitzak dioen bezala, material bigunak eta konformagarriak erabiltzea du helburu, izaki bizidunek bezalako gorputzak dituzten eta ingurumenera hobeki egokitzen diren robotak sortzeko. Adimen artifizialak ere inpaktu handia izanen du robotikan, gero eta robotika adimentsuagoak sortuko baitira, erabakiak hartzeko gai izanen direnak eta esperientzien bitartez ikasiko dutenak, gizakion antzera gutxi gorabehera. 

Zein dira robotikaren erronkak? 

Asko dira robotikaren gaur egungo erronkak. Kostua da, adibidez, oraindik aurre egiteko dagoen erronketako bat, izan ere, robotikan erabiltzen den teknologia oso garestia da eta horrek asko mugatzen du. Gizakiongan segurtasuna bermatzea ere egungo erronketako bat da robotikan, geroz eta harreman estuagoa dagoelako roboten eta gizakien artean. Noski, etika ere erronka nagusietako bat da, are gehiago adimen artifiziala aipatzen badugu, robotek beraien kabuz erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezaketelako. Azkenik,alderdi teknikotik hitz eginda, erronka nagusienak energia eraginkortasuna hobetzea, autonomia, sentsore berriak sortzea, eta trebezia eta manipulazioa hobetzea izanen lirateke. 

«Robotek beraien kabuz erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezakete»

Bada motiborik roboten beldur izateko? 

Robotak gizakiendako seguruak izatea eta gizakiei laguntzea da helburu nagusiena eta robotikaren etika arloa hortaz arduratzen da. Hala ere, robotikak erabilera okerra izan dezake eta horretan pentsatzeak beldurra sortzen du, batez ere, robotek gizakiak hiltzeko makinaren papera duten fikziozko filmak ikusi dituen batengan. 

Ormazabal Liverpoolen The Beatles taldeko kideen estatuaren ondoan eta atzean Royal Liver Building duela.

Liverpooleko unibertsitateko fisika departamentuan lanean aritu zinen, ikerketa teknikari partikulen fisika arloan. Azaldu... 

Bai, Suitzako CERN enpresarendako ibili ginen lanean, partikula azeleragailuko ATLAS detektorearen berrikuntzan. Proiektu horretan mundu osoko unibertsitate eta enpresa ugari zeuden hainbat lanetan, eta gu, bereziki, partikulak detektatzeko siliziozko sentsoreen eraikuntzan aritu ginen.

Orain zertan ari zara? 

Joan den irailean Bristolera mugitu nintzen master bat egiteko. Biorobotika masterra ikasten ari naiz unibertsitatean eta irailean akituko dut.

Ikerketaren mundua zaila da? 

Ikertzaileekin lanean ibili naiz eta esanen nuke ez dela hain lan zaila, segun eta zein arlotan ari zaren ikertzen, noski. Baina denbora asko eskaini behar diozu. Izanen dira lan gutxi egin eta etxera goiz joanen zaren egunak, eta beste batzuetan egun osoa pasatuko duzu laborategian. Orain arte ikusi dudanez, ikerkuntzaren alde ona malgutasun handia eskaintzen duela da, bai ordutegi aldetik, baita lan aldetik ere. Zuk gestionatzen ahal duzu egin behar duzun lana eta lanean pasatu nahi edo behar dituzun orduak. 

«Euskal Herrian eta Espainian diru gutxiago bideratzen dute ikerketara, Erresuma Batuarekin edo beste herrialdeekin konparatuz»

Maiz aditu dugu hemen ez dela ikerketa behar adina sustatzen eta kanpora joan beste aukerarik ez dela izaten. Zer diozu? 

Euskal Herrian eta Espainian diru gutxiago bideratzen dute ikerketara, Erresuma Batuarekin edo beste herrialdeekin konparatuz. Robotikako ikerkuntzan bereziki, ematen du Euskal Herrian eta Espainian mantsoago garatzen ari dela eta atzeratuago daudela beste herrialdeekin alderatuz gero. Erresuma Batuan robotikako ikerkuntzara dedikatzen diren institutu eta enpresa asko daude. Euskal Herrian agian ikerkuntza industrian zentratzen da gehiago eta robotikan aukera gutxi dago oraindik. 

Zure gustuko lanean etxetik hurbilago aritzea gustatuko litzaizuke? 

Momentuz, ez dut bueltatzeko presa handirik eta ez zait inporta nora mugitu lan aukera onen bat suertatzen bada. Hala ere, badakit ez dela betiko izanen eta aurrerago begira, bueltatzea gustatuko litzaidake eta etxetik hurbilago lan egitea. Nahi edo ez, beti tiratzen dizu zure etxeak kanpoan bizi zarenean. Atzerrian bizitzea ez da hain erraza eta batzuetan nekagarria da.

Epe laburrera eta luzera begira, zein dira zure helburuak? 

Orain momentuan, atzerrian bizi bitartean, esperientziaz ahalik eta gehien gozatzea eta arlo profesionalean esperientzia garatzea da nire helburua. Epe luzera begira, etxetik hurbilago egotea dut helburu, Euskal Herrian espero dut, eta zorte pixka batekin, robotikako ingeniari edota ikertzaile gisa lanean aritzea gustatuko litzaidake.  

 
Labur-labur
  • Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? Zubietar musikazalea, bidaiaria eta egonezina.
  • Zein afizio dituzu? Musika, baxua edo gitarra jotzea, teknologia eta bizikleta.
  • Musika talde bat? Red Hot Chili Peppers.
  • Kanta bat? Dani California. 
  • Zein talderen kontzertura joanen zinateke gustura? Slipknot. 
  • Kontzerturako toki bat? BEC.
  • Bizitzeko Liverpool edo Zubieta? Gaztetan Liverpool, zahartzean Zubieta.
  • Zer ekarriko zenuke handik honat? Shortbread pastak.
  • Eta hemendik harat eraman? Kalitatezko edozein janari.
  • Zubietako txokorik gustuena? Irotzabal.
  • Zubietako inauteriak edo bestak nahiago dituzu? Inauteriak.
  • Besta egiteko toki bat? Oñati.
  • Kirol bat? Surfa.
  • Surfa egiteko toki bat? Olatu onak baldin badira, edozein toki.
  • Itsasoa edo mendia? Itsasoa. 
  • Liburu bat? Ez dut gomendatzeko libururik. Irakurtzen hasi beharko nuke...
  • Amets bat? Festibal erraldoi batean jotzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun