[Gutuna] Urgentziaren izenean

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 12:30

Aritz Arrieta elgorriagarrak energia berriztagarriei eta egungo krisi sozial eta ekologikoei buruzko hausnarketa egin du ondoko testuan. Argi utzi du «aldaketa klimatikoari aurre egiteko aukera bakarra gizarte eredu honekin amaitzea» dela, eta «gizaki guztion beharrizanak modu jasangarrian aseko dituen gizarte eredu berri baten eraikuntzarako baldintzak ezartzea»

Alderdi politiko ezkertiar zein mugimendu sozialetatik, bizi dugun larrialdi klimatikoari aurre egiteko hainbat proposamen ari dira mahai gaineratzen azken urteotan. Proposamen horiek, nagusiki, bi dogmatan oinarritzen dira: batetik, energia iturri berriztagarriak behar direla, hemen eta orain; bestetik, kontsumo indibidualaren jaitsiera beharrezkoa dela. Energia iturri berriztagarriei dagokienez, gehienetan eztabaida baldintzetara mugatzen da: hauek non jarri, nola jarri, zeinek jarri. Kontsumo indibidualaren kasuan, gutxik jarriko dute ezbaian egungo kontsumo eredu honek sortzen dituen kalte ekologikoak, baina eztabaida bertan gelditzen da.

Nire ustez, arriskutsuak dira urgentziaren izenean harturiko neurri horiek. Kontsumoaren auzia jorratzerakoan, gizarte honetako banako guztiak aldaketa klimatikoaren erantzule egiten dituzte maila berean, auziaren klase izaera estaliz; naturaren suntsipenean gehiengo sozialak eta multinazional handiek modu berean eragingo balute bezala. Baina errealitatea bestelakoa da. Esaterako, 1990. urteaz geroztik, mendebaldeko herrialdeetan nabaria da langile klaseko geruza ertain zein baxuko biztanleriaren isuriak behera egin duela nabarmen, aberatsenenak gora egin duten bitartean. Horrek erran nahi du herrialde horietako banakoen arteko isurpenetan desberdintasun argiak daudela. Halaber, adierazgarria da hondakinez solastatzean ere, klaseen arteko ezberdintasuna. AEBetan hondakinen % 97 prozesu industrialetatik eratorria da, eta % 3 banakoen etxebizitza partikularretatik sortua. Europan berriz, 2016an hondakin osoen % 8,5 udal-zerbitzuen bitartez jaso zen; % 62, berriz, eraikuntza eta meatzaritzatik.

Datu horiek, gaur egun bizi dugun kapitalismoaren krisi historikoaren baitan ulertu behar ditugu. Izan ere, krisi testuinguru honek, bizi-baldintzak okertzearen bitartez, ezinbestean dakar gehiengo sozial baten kontsumoaren jaitsiera. Jada ematen ari den fenomeno hori onar dezagun, ezkerreko agente politiko eta sozial horiek lan kultural eta ideologikoaren bitartez bidea prestatzen ari dira. Hori da haien iraultza kulturala: gehiengoak gero eta gutxiagorekin bizitzera ohitu beharko du, multinazional eta oligarkek kutsatzen eta aberastasuna metatzen jarraitzen duten bitartean.

Energia iturri berriztagarrien hedapenaren bideragarritasunari dagokionez, erantzun baino galdera gehiago azaleratzen zaizkigu. Alde batetik, trantsizio energetikoa gauzatzeko beharrezkoak diren materialak eskasak dira: kobrearen erauzketaren topera iristea aurreikusten da hemendik urte batzuetara, litio-ustiategi gehienetan gero eta zailtasun gehiago dago materiala erauzteko, sakrifiziorako lur askoz gehiagorik ez da gelditzen... Erregai fosilekiko daukagun dependentzia mineralekiko dependentziarengatik ordezkatzeko arriskua erreala da, eta horri ezin diogu muzin egin. Gainera, material horien erauzketak berak, aurrera eramaten diren herrialdeetan, miseria eta ekosistemen suntsiketa bertzerik ez dute ekartzen.

Baina material eskasiarena ez da ebatzi gabeko auzi bakarra. Hasteko, ulertu beharra dago egin nahi den energia-iturrien ordezkapen horrek zera eskatzen duela: erregai fosilen bidez funtzionatzen duten prozesu sozial eta industrialak elektrifikatzea. Horren harira, zalantzan jarri behar dugu elektrifikazioaren bideragarritasuna bera. Batetik, aurrez aipatu dugun kobrearen eta materialen eskasia dela-eta; bestetik, hori posible egingo duen teknologiarik ez delako asmatu oraindik.

Azkenik, berriztagarrien bideragarritasuna mugatzen dituzten elementu horiez gain, zalantza sortzen duen beste auzi bat mahai gaineratzea ezinbestekoa da. Aipatu izan da, energia hori edo ezartzen diren proiektu horiek herritarren esku egonen direla, eta horrek, kudeaketa eta planifikazio demokratikorako aukerak ekarriko dituela. Baina hori nola lortuko duten ez dute azaltzen. Proiektu eolikoak zein fotovoltaikoak eraikitzen dituzten enpresek aberastea dute helburu, ez energia herritarren esku uztea eta hauen behar energetikoak asetzea. Enpresa batzuek herritarrei jabetzaren zati bat eskaintzen badiete, beren borondatea erosteko helburuarekin eginen dute. Funtsean, gure lurretan negozioa modu demokratikoago batean egiteko trikimailuak besterik ez dira.

Denek onartzen dute gizarte eredu hau dela aldaketa klimatikoaren kausa, alegia, kapitalismoa. Baina proposamenak aurkezterako orduan, inork gutxik hartzen ditu kontutan gizarte eredu honek ezartzen dizkigun mugak gure praktika politikoa aurrera eramateko. Are gehiago, inork gutxik hartzen du kontutan gaur egun bizi dugun krisi kapitalista bera.

Krisi honek hainbat ertz baditu ere, agian esanguratsuena Estatuaren erabakimen gaitasunaren galera da. Izan ere, agente politiko eta sozialek Estatua dute euren proposamenak egingarri bihurtzeko baldintza nagusietakoa. Baina Estatuaren bitartez erabakitzeko gaitasuna izateko, dirua behar da, eta egun, ez dago dirurik. Zentzu horretan, Estatua dirua uzten dionaren mandatuak jarraitzera behartua dago. Hori argi ikus daiteke trantsizio energetikorako legeetan. Lege horiek Europako legediaren kalkoak besterik ez dira. Izan ere, trantsizio hori gauzatzeko, Europak Estatuei diru partida batzuk eskaini dizkie azken urteetan (Next Generation funtsak esaterako) eta orain hemen administrazioek diru hori uzteko baldintzak errespetatu behar dituzte. Baldintzarik gabe, ez dago dirurik, eta baldintza nagusiena enpresek gure lurretan proiektuak egiteko erraztasun eta askatasun osoa da.

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko aukera bakarra gizarte eredu honekin amaitzea, eta gizaki guztion beharrizanak modu jasangarrian aseko dituen gizarte eredu berri baten eraikuntzarako baldintzak ezartzea da. Gizakiaren eta naturaren arteko harreman harmoniko hori posible izateko, lehenik beharrizanen ekoizpenerako baliabideak modu arrazional eta demokratikoan planifikatu beharko dira.

Bukatzeko, aipamen bat egin nahi nieke azken urteetan Euskal Herrian hedatzen ari diren proiektu txikitzaileen aurkako hainbat plataformari. Izan ere, sektore batzuetatik infantilizatuak eta mespretxatuak izaten ari dira proiektu horien aurka eta lurraren defentsan lerratu direlako. Ematen du plataforma guzti horien kezka bi txori hiltzera eta bi zuhaitz moztera mugatzen dela. Ez dute kontuan hartzen plataforma horiek duten posizio kritikoa berriztagarriak hedatzeko moduarekiko, eta enpresarien eta alderdi politikoen arteko elkarlan hurbilarekiko. Zentzu horretan, nire elkartasun osoa ahots kritikoz altxatu diren guzti horiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun