Birgaitze energetikoari buruzko bilera eginen dute asteazkenean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 28a, 11:00

Doneztebeko Udalak eta Nasuvinsak herritarrentzako bilera informatiboa antolatu dute asteazkenean, hilaren 31n, 18:00etan Herrigunean. 5.000 biztanletik beheitiko herrietan eraikinak  zaharberritzeko dirulaguntzak eskatzeko epea uztailaren 31ra arte luzatu dute, eta hori izanen da bilerako gai nagusia.

Doneztebeko kasuan, 220 etxebizitza baino gehiago daude eraikita arau termikoak ezarri aitzinetik. Horrelako eraikinak, Nafarroan osoan energia fosilaren kontsumoaren ia %20aren eta kontsumitutako energiaren %25aren erantzuleak dira, eta duten antzinatasunagatik, birgaitze-jarduketa sakonak behar dituzte.

Doneztebeko Udalak eta Lesaka, Bera, Elgorriga eta Baztangoek, NASUVINSArekin lankidetzan, birgaitze energetikoaren prozesuan bizilagunei laguntzeko asmoz, beren etxebizitzak birgaitzeko prozesuak dinamizatzeko eta laguntzeko zerbitzu bat jarri zuten bertako biztanleen, teknikarien eta kudeatzaileen zerbitzura 2021ean

Nasuvinsak lehenik funts propioetatik eta europarretik datozen birgaitze energetikorako gaur egungo laguntzen berri ematen du eta bizilagunen interesaren arabera, erabakiak hartzen ere laguntzen du.

Elizondon eta Beran proiektuak martxan

Zerbitzua indarrean paratu zutenetik, hainbat proiektu paratu dituzte martxan, eta gaur egun birgaitze lanak egiten ari dira Elizondoko Santiago karrikako 47. zenbakian eta Berako Altzateko karrikako 15.ean.

Gainera, bertze hainbat herritan ere inguratzaile termikoa hobetzeko obrak egitea erabaki dute eta dagozkien laguntzak ere eskatuak dituzte horretarako. Elbeteko eraikin batean, Elizondoko Bitan, Lesakako bitan eta Berako bertze bitan eginen dituzte lan horiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun