Doneztebeko osasun etxe zaharra eraberritu eta Enplegu eta Ogasuneko bulegoak mugituko dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 25a, 16:00

Bulego aldaketa heldu den urteko udaberrian egitea aurreikusi dute.

2019ra arte Doneztebeko osasun etxe izandakoa zaharberritu eta hortxe paratuko dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoa, SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoa eta Ogasuneko bulegoa.

2019n eraiki zuten Donezteben osasun etxe berria, eta zerbitzua lekuz aldatu ondotik, eraikin zaharra hutsik gelditu zen. Doneztebeko Udalak maiatzean utzi zion Nafarroako Gobernuari eraikina, doan. Zerbitzuak leku berean zentralizatuz, orain arteko espazio faltari soluzioa ematea da helburua.

Izan ere, orain arte arazo handiak zituzten bi bulegortan lekuari dagokionez. Enplegu bulegoan formazioak egiteko espaziorik gabe zeuden, eta Ogasuneko bulegoan, aldiz, ez zuten lanerako beharrezko espaziorik.

Bulego aldaketa heldu den urteko udaberrian egitea aurreikusia dute

Eraberritze lanei dagokionez, otsailaren 19an bukatuko da enpresak deialdira aurkezteko epea eta behin esleipena egin ondotik, lanak bederatzi hilabetez luzatzea aurreikusia dute. Aurreikuspena, bulego aldaketa heldu den urteko udaberrian egitea da.

Doneztebeko enplegu bulegoko Mariaje Ganboak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, pozik hartu dute berria eta «balorazio hagitz positiboa» egin dute. «Nafarroako Gobernuko zerbitzuak toki berean egotea hagitz garrantzitsua iruditzen zaigu, eta administrazioa herritarrengana hurbiltzea ekarriko duela espero dugu», azaldu du Ganboak.

Gainera, nabarmendu du, gaur egungo bulegoak duen arazo handienetako bat «formakuntzak egiteko espazio falta» dela, eta bulego berrian aldiz, hiru gela izanen dituztela horretarako. «Espazio horiek bertze administrazio batzuk ere erabiltzen ahalko dituzte, administrazio arteko koordinazioa hobetuz», azaldu du.

Bukatzeko, nabarmendu du hasieratik aldaketaren berri izan dutela, eta prozesu osoan parte hartzeaz gain, kontuan hartu dituztela egindako proposamenak eta hobekuntzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun