Zentral eolikoak eskualdean

Makroproiektu txikitzaileen kontrako mugimenduak aitzinera segitzen du eskualdean

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 17a, 13:10

40 bat lagun bildu ziren igandean Iturenen.

Malerreka Bizirik taldeak agerraldia egin zuen joan den igandean Iturengo Herriko Etxeko ganbaran, eta balorazio orokorra «gazi-gozoa» izan dela adierazi du. 40 bat lagun bildu ziren eta taldeak «proiektu txikitzaileen kontrako borrokari eutsiko» diola nabarmendu du.

Balorazio gazia egin dute «batez ere bertako herritar gutxi hurbildu zelako» eta gozoa «beste plataformetako kideen esperientzia trukaketa oso positiboa izan zelako». Eskualdean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan makroproiektu eolikoen kontra lanean ari diren plataformetako ordezkariak bildu ziren Iturenen: «Arantzako Arantza Bizirik taldekoak, Lesakako Endara Bizirik-ekoak, Baztangoak, Azpeitiko plataformakoak, Arabakoak, Bizkaiko Busturialdekoak...». Malerrekako plataformakoek, ordea, penaz hartu dute «udaletako ordezkaririk ez hurbildu izana».

Agerraldi hasieran gaur-gaurkoz tramitatzen ari diren proiektuen egoera azaldu zuten. Hiru dira eskualdean egin nahi dituztenak:

  • Irakurri (Zelena Renovables enpresarena): Ezkurrako, Eratsungo, Saldiasko eta Beintza-Labaiengo lurretan. Potentzia: 132 kW. Industria departamenduak baimendu du sarearekiko lotura. 
  • Azkua  (Zelena Renovables enpresarena): Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan. Potentzia: 132 kW. Industria departamenduak baimendu du sarearekiko lotura. 
  • Usana (Elicio Eólica enpresarena): Eratsun, Saldias, Beintza-Labaien eta Zubietako lurretan. Proiektu hau, oraingoz, itzulia izan da sareak ez baitu energia ebakuatzeko ahalmenik. 
Lanean segitzeko asmoa

Malerreka Bizirik-ekoek taldeak egindako ibilbidearen eta ekimenen berri ere eman zuten. Etorkizunera begirako erronkez ere aritu ziren, eta bide horretan, «herritarrei informazioa ematea eta parte hartzea bultzatzea, abokatuen laguntza errekurtsoak jartzerakoan eta udalekiko jokamoldea» nabarmendu zituzten. 

Hitzordua beste herrietako esperientziak partekatuz borobildu zuten. «Makroproiektu eolikoen kontrako borroka nola antolatu aztertu genuen: herritarren partaidetza, udalen jokabidea, legeen inguruko aholkularitza...».

Balorazio gazi-gozoa egin badu ere, Malerreka Bizirik-ek «proiektu txikitzaileen kontrako borrokari eusteko kemena berretsi» du. Eta gisa berean,  «proiektu txikitzaileen kalteak itzulezinak direla» ohartarazi nahi izan du: «Herritarrok etorkizunari begira erantzun tinkoa eta demokratikoa emanen dugu. Beraz, presta gaitezen!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun