Saioa San Miguel eta Joseba Elizagoien nagusitu dira Doneztebeko XVI. San Silvestre lasterketan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 2a, 20:00

Emakumeen eta gizonezkoen podiuma, Doneztebeko XVI. San Silvestre lasterketan.

San Silvestre jendetsua izan zen Doneztebekoa. 100 bat haur ttikienetan, eta 155 heldu nagusien proban, lasterka akitu zuten urtea, Erreka elkarteak hamaseigarren aldiz antolatutako proban. Ikusle andana ere bildu zen herriko alde zaharrean eta giroa aparta izan zuten. 

Nesketan Saioa San Miguel doneztebarrak bere maila izugarria bertze behin ere agerian utzi zuen eta beretzat izan zen lehen postua. Amaia Jorajuria doneztebarra eta Elgorriagako Mireia Ostiz izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Mutiletan Narbarteko Joseba Elizagoien izan zen garaile, nagusitasun osoz. Ezusteko nagusia Borja Arregi doneztebarrak eman zuen, proba itzela osatuz. Beretzat izan zen bigarren postua eta hirugarren Beintza- Labaiengo Beñat Albisu gaztea izan zen.

Parte hartzaile guztien artean opari ugari banatu zituzten sari banaketa eta gero.

Akitzeko, Erreka elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Pequeña Guerrera kardiopatiak dituzten haurren Nafarroako elkartearen alde egindako zozketan parte hartu duten guztiei: «Elkartasun adibide bikain eman genuen». 

Pequeña Guerrera elkartearen alde zozketa egin zuten Erreka elkarteko kideek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun