OIER BERASATEGI ELIZONDO

«Entrenatzen, izerditzen eta lehiatzen disfrutatzen dut gehien»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 30a, 08:00

24 urteko doneztebar gaztea da Oier Berasategi, «herrikoia, kirolaria, kuriosoa eta bestazalea». Gasteizen bortz urtez ikasten aritu ondotik, «Doneztebera bueltatu naiz eta berriz herrian egoteaz disfrutatzen ari naiz. Kirolarekin harremana duen guztia» du gustuko, eta doktoretza tesia eta lana eskubaloiarekin uztartzen ditu.

10 urte inguru zituela hasi zen eskubaloian; «eskolako bi lagunek hasteko asmoa zuten, eta beraiekin batera animatu nintzen». Geroztik, kiroldegiz kiroldegi ibili da baloiarekin eskuetan.

Ibilbide paregabea

Lehia gustuko duela aitortu du, «entrenamenduaren opari moduan ikusten dut, norberaren egiazko abilezia eta trebetasunak garatzeko aukera. Momentu larri eta estuak bizitzen dira, eta ohiko egoeratan behar ez ditugun ideiak eta erantzunak sortzen dira». Hala ere, «bere alde txarrak ere izan ditzake, horregatik da hain garrantzitsua kirolari gazteak lehiakortasun giro egokian heztea».

2018-19 denboraldia berezia izan zen Berasategirentzat, Nafarroako Eskubaloi Federazioak bigarren maila nazionaleko jokalari onenaren saria eman baitzion. «Denboraldi horretan, hasieratik bagenekien talde polita eta konpentsatua genuela. Harreman hagitz estua genuen eta bikain ulertzen genuen elkar jokalari eta entrenatzaileek. Sentsazio hagitz polita genuen, denon burutan zegoelako entrenamendu eta partiduei ahalik eta etekin haundiena ateratzea. Horrela lortu genuen partidu guztiak irabaztea». Hala ere, «ez nuen espero niri ailegatu zitzaidan sari hori, egiazko lana kolektiboa izan baitzen».

Hurrengo denboraldian, Iruñeko San Antonio taldera joan zen, estatu mailan jokatzera. «Ilusio haundiarekin hartu nuen, talde lehiakor bat sortzen ari ziren eta proiektu polita zen. Jokalari berri aunitz ailegatu ginen eta partidu hagitz onak egin genituen, baina nahiko irregularrak ginen».

Lehenengo Nazional mailan, «taldea fisikoki prestatuagoak daude eta egun gehiago entrenatzen dira. Hori dela eta, eraso eta defentsako mugimendu aunitz automatizatuak dituzte, gehiago ailegatzen dira laguntzetara eta baloia abiadura haundiagoarekin mugitzen da jokoan». Hala ere, «hasieran, uste baino alde ttikiagoa nabaritu nuen maila batetik bertzera».

Ondoko bi urteetan, aldiz, «jokalari batzuk joan egin ziren eta ez ginen hain lehiakorrak. Partidu aunitz galtzea tokatu zitzaigun, motibazio galera ekarri zuena». Honez gain, «ikasketak egiten ari nintzen eta denbora aunitz pasatzen nuen desplazamenduetan, entrenamendu eta partiduetara joateko». Arrazoi horiengatik «Errekara bueltatzeko erabakia hartu nuen».

Buelta etxera

Iruñean motibazioa galduta, Doneztebera bueltatu da denboraldi honetan, «eta lagunekin aritzean izugarri disfrutatzen ari naiz. Entrenamendu bakoitza gogoz hartzen dugu, partidu onak jokatzen ari gara eta jende aunitz etortzen da kiroldegira, hagitz giro polita sortuz».

Baina jokatzen ez ezik, entrenatzen ere hasi da kadete mutilekin. «Hagitz talde polita da, ikasteko gogo haundiarekin. Momentuz kontent nago, gogotsu etortzen dira entrenatzera eta ariketak geroz eta hobe egiten dituzte. Denbora eskatzen du, baina Txus, Joseba eta hiruak aritzen gara eta norbaitek joan ezin badu, badakigu gure artean moldatuko garela».

Entrenatzailearen helburua «gazteek eskubaloiarekin disfrutatzea da, pixkanaka beren gaitasunak garatzen dituzten bitartean. Hori erronka bat da». Izan ere, «jokalari ona izatea ez da nahikoa entrenatzaile ona izateko, bertze ezagutza eta baliabideak ere behar dira; kirolaren kontzeptuak ezagutu eta transmititzeko gai izatea, taldea kudeatzen jakitea, ikasketa prozesuak kontrolatzea eta planifikatzea… hori guztia ez da jokalari ona izatearekin lortzen».

Azaldu duenez, «oraindik ez dut esperientzia haundirik entrenatzen eta hobetzeko tarte haundia dago, baina ilusioarekin hartu dut». Hala ere, «momentuz jokatzen disfrutatzen dut gehien: entrenatzen, izerditzen eta lehiatzen».

Oroitzapen ederrak

Eskubaloiak «hainbat adinetako lagun pila bat eman dizkit, eta harreman sozialak sustatzeko botere ikaragarria du. Bidaia batzuk ere egin ditut eskubaloiari esker, oroitzapen ederrak eman dizkidatenak. Poztasun haundiarekin gogoratzen ditut taldekideekin lortutako garaipenak, galdu ondoko ikaskuntzak, egindako afariak…».

Etorkizunera begira, «disfrutatzen segitzen dudan bitartean, Errekan jokatzeko asmoa dut. Bertzalde, esku artean dudan tesia bukatu eta irakasle moduan lanean hastea gustatuko litzaidake. Bitartean, inguruko pertsonekin denbora pasatu, buruan ditudan bidaiak egin eta esperientzia berriak bizi nahi ditut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun