Malerrekako jubiloteken topaketa asteazkenean Zubietan eginen dute

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 19a, 14:00
Joan den urteko topaketa Donamarian egin zuten Malerrekako jubiloteketako kideek.

Aurten ere elkartzeko hitzordua prestatu dute Malerrekako jubiloteketako kideek. Asteazken honetan, Zubietako, Donamariako, Ezkurrako eta Sunbillako partaideak Zubietan elkartuko dira. 25 bat lagun biltzekoak dira.

Lau herritan izaten dute jubiloteka zerbitzua Malerrekan. Donamarian hamaika lagun biltzen dira, Ezkurran zortzi, Sunbillan zazpi eta Zubietan hiru. Bada lau herri horietako 25 bat partaide bihar 10:00etatik 12:30era Zubietan elkartuko dira. Kantari, solasean, bingoan eta pintxo batzuk janez pasatuko dute goiza. Biharko topaketaren ondotik, ortzegunean Ezkurran eta Sunbillan jubiloteka zerbitzua izanen dute eta gisa horretara agurtuko dute aurtengo urtea.

Ramoni Ordoki jubiloteketako arduradunak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «urte berriarekin batera, kide berriak hasiko dira jubilotekan». Eta norbaitek izena eman nahi badu ateak zabalik dituela gaineratu nahi izan du. Aurten galdu dituzten bi kide ere gogoan izan ditu Ordokik: «Sunbillan Frantxiska eta Donamarian Asuncion».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun