Giro ederra eta animazio handia izan dute Iturengo kultur egunetan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 13a, 19:00

Arturo Kanpion abesbatzaren emanaldia, haurren arratsalde pasa, mus txapelketa eta Zuhaitz Gurrutxagaren ‘FutbolisTok’ bakarrizketa izan dira

Aurtengoan ere kultur egunak ospatu dituzte Iturenen. Garai batean Ibintza kultur taldeak abenduko zubian egun polit eta aberasgarriak antolatzen zituen. Eta aurtengoan Iturengo udalak egun solteetan zenbait ekitaldi antolatzea erabaki zuen.

Hasiera ederra emateko, abenduaren 3an Nafarroaren eta Euskararen Eguna izanik, goiz-eguerdi polita igarotzeko aukera izan zen. Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Txantreako Arturo Kanpion abesbatza herrira etorri zen kontzertua ematera. Herriko etxeko ganbaran abiatu zuten emanaldia: lauzpabortz kanta txukun eta polit kantatu ondotik, herriko musikarien laguntzarekin, herriko ostatuetan kantu poteoa egin zuten. Iturenen hasitako kalejira Aurtitzen akitu zuten, abesbatza beraien kanta politak kantatuz eta ondotik denak elkarrekin euskal kantak kantatuz.

Hurrengo asteburuan, abenduaren 8an, Aurtizko ostatuko jantokiko berotasunean, haur eta gaztetxoendako arratsalde berezia egin zuten. Hasteko, eskulanak egiten eta partxisen aritzeko aukera izan zuten, ondotik, txokola jate goxoa eman zuten ostatukoek eta akitzeko, berriz, bingoa izan zuten. Aizpea eta Alaia izan ziren saridunak. Gauean, berriz, Iturengo ostatuan mus txapelketa antolatu zuten. Bikote dezente animatu ziren eta gauean hasi zena, hainbat partida gogorren ondotik, ordu ttikietan akitu zen. Hiru saridunak hauexek izan ziren: 1. Aitz eta Hodei Aioroa; 2. Julen eta Xuban eta 3. Xabin eta Jon.

Kultur egunei amaiera emateko, biharamunean, Futbolistok bakarrizketaren txanda izan zen. Sarrera guztiak lehenagotik salduak zeuden eta herriko etxeko ganbara lepo bete zen Zuhaitz Gurrutxaga aditzeko. Polita eta ederra izan zen, jendeak ederki gozatu baitzuen. Azken ekitaldietan bezala, udalak jatekoa eta edatekoa eman zuen. Ateratako dirua kultur ekitaldi gehiago antolatzeko erabiliko qda.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun