IXONE ELIZALDE MITXELENA

«Zaila da azaltzea joareak jotzean sentitzen dudana»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 9a, 09:00

Zubietako neska gaztea da Ixone Elizalde Mitxelena, Lehen Hezkuntza Graduko bigarren mailan ikasten ari da eta joareak jotzen aritzen da herrian

Nola definituko zenuke zeure burua?

19 urte dituen eta Zubietan bizi den neska alaia naizela esanen nuke. Hala ere, nire ingurukoek hobeki erantzunen lukete galdera hori.

Zein dira zure zaletasunak?

Mila okurritzen zaizkit. Familia eta lagunen arrimuan edozein gauza, eta azken momentuko planak dira gehien disfrutatzen ditudanak.

Zein ikasketa egiten ari zara?

Iruñeko unibertsitate publikoan nago, Lehen Hezkuntza Graduko bigarren mailan.

Zergatik Lehen Hezkuntza?

Ttikiekin egotea betitik gustatu izan zait, transmititzen duten inozentzia eta bat-batekotasuna mirestekoak dira. Klasean emandakoak interesa piztu didate eta praktikara eramateko aiherrik nago.

Joareak jotzen ere aritzen zara. Nolako esperientzia izaten da?

Zaila da sentitzen duguna hitzez adieraztea. Soinu hutsa aditzearekin oilo ipurdia jartzen zait. Herritarrok barnetik eramaten dugun sentimendu berezia da.

Zergatik hasi zinen?

Etxeko gehienek aspalditik joareak jotzen dituzte. Ttikia nintzela paratu zizkidaten eta ondokoekin batera horretan segitu dut, gelditzeko intentziorik gabe.

Gazteria beharrezkoa da herria bizirik mantentzeko?

Bai, dudarik gabe. Gazterik gabe ezinezkoa da herriak bizirautea, hauen parte hartzeak eta ideia berritzaileek herria bizitzen dute. Hala ere, haur eta zaharrak gazteak bezain inportanteak dira.

Zer da Zubietatik gehien gustatzen zaizuna?

Inauterietan herritar guztion artean sortzen dugun giroa eta saltsa ikaragarri gustatzen zait. Aste batez herriko estalpean elkarbizitzea polita da, eta adin guztietako herritarrekin solasean gozatzen dut.

Eta zer falta du?

Gazteak bertan gelditzera motibatzen dituen aukerak. Bizitzen ari garen errealitatean, lana eta etxebizitza eskuragarri behar ditugu.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Ikasketak akitzea da nire lehendabiziko helburua. Bitartean, gaztaroa topera disfrutatzen saiatuko naiz.

Eta epe luzera?

Bizitzak buelta asko ematen ditu, ez dakit bihar non egonen naizen. Inguruko guztiak ongi egotea nahiko nuke, eta beraien ondoan zoriontsu izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun