Aspaldiko urteetan abenduko zubian kultur egunak ospatzen zituzten Iturenen. Aurten ere kultur egunak antolatzea erabaki du Iturengo udalak. Hasteko, abenduaren 3an, Nafarroaren eta Euskararen egunean, eguerdian kantu poteo musikatua izanen da. Herriko musikariekin kantuan aritzeaz gain, Arturo Kanpion abesbatzak ere kontzertua eskainiko du, Nafarroako Gobernuak antolatua.
Abenduaren 8an eta 9an ere izanen da zer egin. Ortzirale arratsaldean Aurtizko frontoian partxis eta bingoa izanen dute gaztetxoek eta gauean Iturengo ostatuan mus txapelketa. Biharamunean, Iturengo herriko etxeko ganbaran, 19:00etan Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok bakarrizketa ikusteko aukera izanen da. Sarrerak 5 eurotan daude salgai, 637 14 58 01 (Miren) edo 646 21 45 73 (Maria) zenbakietan. Azkar ibili, martxa ederrean saltzen ari dira-eta! Akitzean udalak bokatak paratuko ditu saltzeko. Lortzen den dirua kultur ekitaldiak antolatzeko bideratuko da.