Piz&Lohi Pest musika jaialdia astebururako prest dute Zubietan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 09:00

Lesakako Hago Silik taldeak joko du Zubietako Piz&Lohi musika jaialdian.

Ostiral gauean hasiko da giroa berotzen, baina larunbat arratsaldean izanen dituzte bazkaria eta kontzertu gehienak

Piz&LohiPest musika jaialdia antolatu dute Zubietako gazteek abenduko lehenbiziko astebururako. Beti bezala, eskualdeko musikari eta taldeei beraien lana plazaratzeko aukera emanen die jaialdiak. Denera, dozenaren bat talde eta DJ espero dituzte ostiralean eta larunbatean.

Abenduaren 1ean, ostiralean, 20:00 aldera hasiko da giroa berotzen, Kattalin Arizmendi bakarlariaren eta Gaizkillea eta infernuko begiak eta Oro taldeen musikarekin. Estalpean talo-jatea izanen dute.

Kattalin Arizmendi abeslari elizondoarra aditzeko aukera izanen da ostiral arratsean.

Halere egun handia abenduaren 2a izanen da, larunbata. Eguerdi parteko poteoaren ondotik, bazkaria izanen dute estalpean. Iaz bezala, Espainiako Guadalajaratik etorritako DJ’S Zorromono izanen da musika jartzen bazkarian. 18:00etan berriz ere musika doinuak zabaltzen hasiko dira, Hago Silik, Ursumari, Ozpinduk, Hienas Terkas, Oihana Maitakor, III. Mundu Gerra eta Roña taldeak izanen dira musika jartzen. Estalpean taberna ere antolatuko dute eta bakoitzak bere edalontzia eraman dezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun