Bertze urte batez Mendiaren Eguna ospatu du Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak. Mendi irteera, poteoa, bazkaria, eta Alex Txikonen dokumentalaren emanaldia izan dituzte igandean, baina aurtengoa berezia eta hunkigarria izan da, aurten hildako Ainara Marizkurrena Sagaseta taldekidea gogoan izan baitute.
Goizean goiz hasi zuten eguna Bonozorrotzera igoz. Herrira bueltan poteoa izan zuten eta bazkaria Kasinoan.
Baina eguneko ekitaldi bereziena Alex Txikon alpinistaren bisita izan zen. Zineman Manaslu, historiako lehenbiziko neguko igoera dokumentalaren proiekzioa egin zuen Ainara Marizkurrena Sagasetaren oroimenez eta tartean aurten hildako Errekako mendizale honen irudiak eta ahotsa ere aditu zen. Marizkurrenaren senideak eta lagunak ere izan ziren ekitaldian.
Dokumentalean Txikonek Manaslun izandako esperientzia kontatzen du. Azken hiru neguak bertan pasa ditu mendizaleak eta hirugarrenean lortu lehen aldiz Manaslu neguan igotzea. Abentura horretan taldekide izan ditu Tenjen Sherpa, Pasang Nurbu Sherpa, Mingtemba Sherpa, Chhepal Sherpa, Pemba Tasi Sherpa eta Gyalu Sherpa. Txikonen hitzetan «bere bizitzako esperientzia gogorrenetako bat» izan da, baina ez dago bereziki harro igoera honetan, «gehiegi arriskatu nuelako».
Txikonen Manasluko esperientziaz gain, bertze esperientzia oraindik gogorrago baten berri ere izan zuten Doneztebeko zinema bete zutenek. Izan ere, azken dozena bat urteetan Euskal Herrian bizi den Akhond Ishaq sukaldiraria euskaraz eta gaztelaniaz Murtaza baltistandarraren egoeraren berri eman zuen. Mendi espedizio batean eskuko hatz gehienak hormatu zitzaizkion Murtazari eta espedizio hartako kideek kasu handirik ez bazioten egin ere, Txikonen bidez ekarri zuten Euskal Herrira eta Madrilen ebakuntza egin zioten. Murtaza laguntzeko crowfunding kanpainan 38.000 euro bilduak dituztela jakinarazi zuten eta ekitaldiko sarreran eta paratutako mahaian bildutako 1.700 euroen erdia Murtazarentzat izanen dira eta bertze erdia Akhond Ishaqendako familiarendako.