Otxandorena eta Mitxeo txapeldun suertatu dira sorterrian

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 27a, 09:00

Euskal Jai Berri erremonte fundazioaren binakako txapelketaren finala 29-35 irabazi zieten larunbatean Ezkurra pilotalekuan Zeberio II.ari eta Barricarti

Inor ez omen da profeta bere sorterrian, baina erranairu hori zapuztu dute Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrek. Izan ere, Euskal Jai Berri erremonte Fundazioak eta E•remonte enpresak antolatutako binakako erremonte txapelketako finala 29-35 irabazi zieten doneztebarrek Zeberio II.ari eta Barricarti larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Mitxeok bigarren txapela segidan jantzi du, hilabete eskasean. Argazkiak: Foto Zaldua

Erritmo handiko finala izan zen eta hasierako 3-1 eta 4-2koan gorriak aitzineratu baldin baziren ere, launako berdinketaren ondotik, beti doneztebarrak izan ziren aitzinetik, zortzi tantoko aldearekin ere (19-27, 20-28). Sei tanto segidan egin zuten gorriek 26-28ra hurbiltzeko, baita tanto bakarrera ere (29-30), baina Otxandorena eta Mitxeo ez ziren kikildu eta azken bortz tantoak segidan egin zituzten (29-35).

Aurrelariak ederki ibili zire eta hamalauna tanto egin zituzten, baina gibelean Mitxeok 8 tanto egin zituen eta Barricartek bi bakarrik. Hain zuzen, hilabete eskasean bigarren txapela jantzi du Mitxeok eta sasoiko dagoela erakutsi zuen.

Jaialdia hasteko partida oraindik berdinduagoa izan zen, Osesek eta Otanok 30-39 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Aimar Saldias oiztarrari.

Sari banaketan, Nafarroako Pilota Federazioko Alfredo Perez eta txapelketako babesle nagusia izan den Tejados Aoiz enpresako Ramon Leatxerekin batera, Doneztebeko udaleko Fernando Gallego eta Maider Ilarregi zinegoziak izan ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun