Baztan, Malerreka eta Bortzirietako Enplegu Taldea aurkeztu dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 22a, 11:30
Azaroaren 21ean Donezteben egindako enpleguari buruzko lehen topaketako parte-hartzaileetako batzuk. Argazkia: Alicia del Castillo

Baztan, Malerreka eta Bortzirietako Enpleguari buruzko lehen topaketa egin zuten azaroaren 21ean, astearte goizean Doneztebeko zineman. Jardunaldi horretan, enpleguarekin zerikusia duten hainbat gairi buruz aritu ziren eta Baztan, Malerreka eta  Bortzirietako Enplegu Taldearen aurkezpena ere egin zuten.

Enplegu Talde honetan parte hartzen dute eskualdeko udalek, gizarte langileek, Cederna Garalurreko teknikariek, Eisol laneratzeko eta gizarteratzeko enpresak eta Nafar Lansare Enplegu Zerbitzuak. Doneztebeko Nafar Lansare Bulegoko Mariaje Ganboak adierazi zuenez, «enpleguari buruz aritzeko talde bat sortzea zen asmoa, erabakiak hartzeko eta zer behar dauden ikusteko. Taldeak urtebete darama lanean eta hurrengo urratsean enpresak ere sartuko dira». Emplea Fundazioaren finantziazioa dute eta dagoeneko bi proiektu gauzatu dituzte: eskualdeko formakuntza mahaia sortzea eta belaunaldi arteko erreleboa sustatzeko Gaztetik gaztera egitasmoa. Bertze asmo batzuk lantzeko ideia dutela ere azpimarratu zuen Ganboak.
Nafar Lansarek toki entitateei eta enpresei eskaintzen dizkien zerbitzuak ere aurkeztu zituzten. Horietako batzuetan berritasun garrantzitsuak dituzte, erraterako 45 urtetik goitikoei zuzendutakoa. Gizarteratze enpresek enpleguan duten lan garrantzitsua ere agertu zuten. Elizondoko Lanbide Eskolako Kimua proiektuarekin elkarlanean enpleguari buruzko baliabideen mapa ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun