Palestinarrak oroituz
Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez, 31 lagun bildu ziren atzo Donezteben egindako elkarretaratzean. Ohiko aldarrikapenez gain, bertze gai batzuk izan zituzten hizpide, eta deus baino lehen, «Palestinako herriari elkartasuna» adierazi nahi izan zieten, «Israelen jarrerak eta sarraskiak sufrimendua lau haizetara hedatzen duela» salatuz. Sarraskia «berehala gelditzea» eskatu zuten, eta horrekin batera, nazioarteko eragileei, «behingoz, palestinarrek euren herrian libreki bizitzeko duten eskubidea onartzeko» deia egin zieten; «euren herria gobernatzeko eskubidea eta herria eraikitzeko eskubidea dute, inolako esku sartzerik gabe».
1.080 euroko guttieneko pentsioa
Baztan-Bidasoko pentsiodunek «Nafarroako 2024ko aurrekontuetan behar den diru kopurua sartzeko eskaria» egina dela ere oroitarazi zuten atzoko agerraldian, gisa horretara, «1.080 euro baino gutiago kobratzen dutenei kopuru horretara osatzeko». Aldarrikapen ekonomikotik haratago, diru kopuru hori «duintasunez bizitzeko erreferentea» dela gaineratu zuten: «1.080 eurorekin ez da bizi duina bermatzen, baina minimo ekonomiko bat ezinbertzekoa da. Horregatik deritzogu ikur bat bihurtu dela pentsiodunendako. Horretan lanean segitzeko asmoa dugu».
Adinekoen zaintza duina
Adinekoen zaintza duina pentsiodunek plazetan aldarrikatu izan duten bertze kontua izan da, alde batetik, «zaintzaren eredu duina» eta bertzetik, «eredu hori egokitzeko beharra» nabarmenduz: «Zaintzaren kalitate egokitu behar da, baita generoen ikuspegitik, pertsona guztiek aukera berdinak izateko». Bide horretan, Elizondoko zahar etxea publiko izateko bidean egindako «lanketa txalotu» nahi izan zuten.
Grebarekin bat
Azaroaren 30ean greba feminista orokorrerako deia egina dute mugimendu feministak eta sindikatuek, eta pentsiodunek ere horrekin bat egin dute. Horren harira honela gaineratu zuten atzoko agerraldian: «1.080 aldarrikapenak gehienbat emakumeei eragiten dio, eta zaintza arloan ere hortik etorri behar du aldaketak; gizonek eta emakumeek partekatuz zaintza lanak».