MERTXE ALZURI BERTIZ

«Aziendak plazara eramateko momentua hagitz polita da»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 15a, 12:00

Mertxe Alzuri Bertiz.

Seaskako lo kantekin batera aditu zituen Mertxe Alzuri Bertizek lehenengoz azienden urrumak. Sunbillako Exkerneko Bordan sortu zen 1951ko abenduaren 1ean: «han hazi nintzen guraso eta zortzi anai-arrebekin». Hogeita bost urterekin utzi zuen sortetxea eta Donezteberako bidea hartu: «Victor Mendibururekin ezkondu nintzen eta Doneztebera etorri nintzen bizitzera». Bertan osatu du familia, «hiru seme-alaba izan ditugu eta pixkanaka familia hazi da eta orain sei biloba ditut».

 47 urtez abeltzaintzan

Sunbillatik Doneztebera bizitzera joatean ogibidea eta bizimoldea ere aukeratu zituen Mertxek. Hala, «berrogeita zazpi urte» daramatza abeltzaintzari lotuta: «nire senarra tratante familia batean jaioa da eta berak ere bide horri segida ematea erabaki zuen». Baserri inguruan hasi ziren eta pixkanaka zabaldu: «hasiera batean txerrikumeekin egiten genuen lan asko. Behi eta aretxeekin ere bai. Gerora, Ganados Mendiburu azienda enpresa sortu genuen».

Plazan, tratuan, etxeko gizonezkoak aritzen diren arren, sukaldeko lanean, itzalean, aritu da urte hauetan guztietan Mertxe: «familiako enpresetan denok aritu behar izaten dugu». Zenbakien dantza hartu zuen bere gain Mertxek: «etxeko enpresa izanda nik paperak eraman izan ditut orain arte. Hala ere, batzuetan animalien karga eta deskargak egiteko laguntza behar izaten da eta hor joaten gara etxekoak». Gaur egungo araudiak ere ez du laguntzen eta «burokrazia aldetik lan hau hain exigentea izanda, iloba batek eta biok eramaten dugu orain administrazio lana».

Familiako enpresari segida

Senarrarekin batera aritu da lanean urte askoan eta semearekin ere ari da orain: «Andoni semeak granja erosi zuen eta bertan hasi zen abereak gizentzen. Betidanik gustatu izan zaio tratante mundu hau eta ttikitatik aitarekin ibiltzen zen harat eta honat. 16 urterekin lan honetan zentratu zen, sektore honetan familiako laugarren belaunaldia da».

Zailtasunak

Bidean hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte eta gaur egungo egoera ere ez dela erraza dio: «pentsuak, zerealak, forrajeak... gorakada izugarria izan du. Honetaz gain, urtetik urtera animalietan gaixotasun berriak sortzen dira eta honek ere eragiten digu».

«Erraztasunak jarri behar dira sektore garrantzitsu eta beharrezko honek aurrera egin ahal izateko»

Etorkizuna

Abeltzaintzaren etorkizunera begira, argi du: «erraztasunak jarri behar dira sektore garrantzitsu eta beharrezko honek aurrera egin ahal izateko». Baikortasunez solastatzen du emakumeen paperaz galdetutakoan, «gaur egun geroz eta emakume gehiago ari dira abeltzaintzan lanean eta poztekoa da. Aziendekin aritzea gustuko duten emakumeak animatuko nituzke».

Lanak saria

Egindako lanak saria izaten duela erran ohi da eta feria egunez aziendak plazara eramaten dituzten momentua horietako bat dela dio Mertxek: «goizean goiz Victor senarrak eta Andoni eta Bittor semeek, bilobekin batera, aziendak plazara eramaten dituzte. Momentu hagitz polita da». Feria eguna barrutik bizi dute eta beraien etxean beti «berexia» izan dela dio: «gure familian egun handia da. Astean zehar dena antolatzen hasten gara: animaliak bildu, plaza prestatu... Lana da, baina gogotsu egiten dugu».

Urteroko tradizioa

Eguna iristen denean aziendak plazara eraman, plazan dena antolatu eta ordurako gosaria prest izaten du etxean, Mertxek: «egun horretan Doneztebera hurbiltzen diren tratanteentzat gosaria prestatzen dut. Ederki gosaldu eta plazara joaten dira bueltan». Momentu honetan etxeko emakumeak elkartu eta gosaltzera joateko ohitura dute, «eta bertatik plazara hurbiltzen gara familia osoa». Gero, edozein bisitarik bezalaxe: «plazan aziendak ikusi ondotik, herrira bueltatzen gara postuetan barna ibiltzera». Eguerdia iristen denean, «aziendak biltzen dituzte eta bazkaria izaten dugu». Eta hala, mahaiaren bueltan ospatzen dute urte osoan ongi egindako lana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun