Ezuste handirik gabe abiatu da II. Bortz Kirol txapelketa Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 19:00

Imanol de Rueda eta David Mitxeo doneztebarra xare partida hasi baino lehen. Urdina bortz modalitatetan nagusitu baldin bazen ere, gorriak 45 tanto egin zituen.

Erreka elkarteak bigarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketa azaroaren 5ean, igandean abiatu zen Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Ez zen ezuste handirik izan jokatutako hiru partidetan.

Lehen norgehiagoka izan zen berdinduena, baina azkenean, Jon Apeztegia doneztebarrak 47-40 irabazi zion Villabonako Iñaki Lizasori, bortz jokamoldeetatik hirutan nagusitu ondotik. Hain zuzen, Apeztegiak 12-11 irabazi zuen xaren, 12-2 joko garbin eta 12-3 eskularruarekin. Aldiz, Lizasok 12-10 irabazi zuen paletaz eta 12-1 eskuz.

Bertze bi partidetan ez zen kolorerik izan. Eiherelarreko Jerome Karrikaburuk, gaur egungo txapeldunak, bortz jokamoldeetan irabazi zion Donibane Lohizuneko Peio Etxelekuri (60-12). Karrikaburuk 12-1 irabazi zuen xaren, 12-5 joko garbin, 12-1 eskularruarekin, 12-3 paletaz eta 12-2 eskuz, aurten ere faborito nagusia dela erakutsiz. Berdintasun gehiagorekin izan bazen ere, David Mitxeo doneztebarrak ere bortz jokamoldetan irabazi zion Imanol de Rueda herritarrari (60-45). Mitxeo 12-7 irabazi zuen xaren, 12-8 joko garbin, 12-9 eskularruarekin, 12-11 paletaz eta 12-10 eskuz. Albiasu eta Luixaren arteko lehen jardunaldiko partida gibeleratu egin dute.

Zortzi pilotari ari dira lehian II. Bortz Kirol pilota txapelketa honetan, bi taldetan banatuta. Multzo bakoitzetik bi pilotari pasako dira finalerdietara, eta finalerdietako garaileek jokatuko dute finala.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun