Aniztasuna eta integrazioa sustatzeko urratsak egiten ari dira Doneztebeko San Miguel eskolan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 4a, 08:00

Aiala Grajirena, Gema Mendiberri eta Ernesto Dominguez irakasleak sukaldean.

Behar bereziak dituzten ikasleen ongizatea bermatzeko trantsizio gela sortu dute Doneztebeko San Miguel ikastetxean. Gainera, 2020-21 ikasturtetik aitzinera, estimulazioa sustatzea ardatz duen gela multisentsoriala dute martxan. Helburua, ikasleen ongizatea bermatzea da

Goizean goizetik lanean gogor ari dira Doneztebeko San Miguel eskolako Eguzki gelako ikasleak. Eguneko errutinak eta ikasle bakoitzaren eguneko agenda errepasatu ondotik, bokalak errepasatzen ari dira TTIPI-TTAPA gelara sartu denean. Lau ikasle daude eta horiekin batera Gema Mendiberri tutorea eta hezkuntza laguntzako espezialista den Olatz Urtizberea Goñi eta EH irakasle Teresa Kerejeta Arza. Gela berezia da Eguzki gela, ohiko ikasgela baino gehiago, trantsizio gela baita. Behar bereziak dituzten haurrendako sorturiko ikasgela da, eta ikasturte hau dute lehendabizikoa martxan.

Eskolan sortutako behar bati erantzuteko asmoz sortu dute ikasgela. Hala kontatu du Ernesto Dominguez Olea zuzendariak: «Eskolako HLUk (Hezkuntza Laguntzarako Unitatea) eta CREENAko espezialistekin koordinatuz, eskolan genituen beharrei erantzuteko aukera hori genuela erran ziguten eta hor hasi ziren gure buruhausteak». Beharrak identifikatu ondotik, ikasgela sortzea hausnarketa aunitzen ondorio izan dela dio Aiala Grajirena Juanenak, eskolako pedagogia terapeutikoko irakasleak, eta ez dela erabaki erraza izan: «Hilabeteak pasatu genituen bueltak emanez, eta hausnarketa aunitz egon da erabakiaren gibelean».

Azkenerako trantsizio gela sortzea izan da hartu duten erabakia eta familiek ere izan dute hitza prozesu denean. Gaur egun, «hagitz kontent» daudela dio zuzendariak. Horrelako kasuetan eskolan dituzten zailtasunetan paratu du fokua zuzendariak: «LOMLOEk behin eta berriz erraten du inklusibitatearen alde lan egin behar dela. Baina non dira baliabideak? Guk dugunarekin erantzuten dugu. Kasu honetan aurreratu gara, eta apustu bat egin dugu ikasle horiei ematen ahal diegun erantzuna hobetzeko».

Eskolako Erreka Guraso Elkartearen eta Doneztebeko Udalaren aldetik jaso duten erantzuna ere «bikaina» izan dela diote. Espazioa aukeratu ondotik, beraien bultzada ezinbertzekoa izan baita; kortxoa kendu, paretak margotu, lurra aldatu... Lan handia egin da eta hagitz eskertuak daude gurasoek auzolanean eta Miguelena etxetresna dendak egindako lanarekin.

Integrazioa ardatz

Gaur egun aparteko gela batean egonagatik, argi dute ikasle horien integrazioa bermatuta egon behar dela gela arruntetan. «Ezarri zen baldintza zen ikasle horiek ere hainbat saiotan txertatu behar genituela ohiko geletan, eta gela hori beraien gela erreferentea izanen zela. Ikaslearen ezaugarrien arabera ordu hauek aldatzen dira, baina gela erreferente horretan egon beharreko guttieneko ordu kopuru bat zehaztua dugu. Eskolaz kanpoko ekintzetan (ateraldietan, inauterietan, urtebetetzeetan, kultur ekintzetan...) ere gela hauekin parte hartuko dute», nabarmendu du zuzendariak.

Trantsizio gelako ikasleak, Gema Mendiberri tutorearekin klasean bokalak lantzen.

Dinamika berezia dute Eguzki gelan, eta eguna hagitz egituratua izaten dute. «Saiatzen gara lehendabiziko gelara joan eta nolabaiteko plangintza egiten. Haur bakoitzak bere dinamika du eta bakoitzari azaltzen diogu zein izanen den bere egunerokoa», kontatu du Grajirenak. Eta beren gelako dinamikarekin batera, hainbat ordu ikasgela arruntean pasatzen dituzte, eta arratsaldeko eskolaz kanpoko ekintzetan ere gelditzen dira ikasleetako hiru». Espazioak egituratuak dituzte txokoen bidez, eta hainbat piktograma eta argazki dituzte horiek identifikatzeko. Denbora ere hagitz egituratua dute, baina, denaren gainetik giro afektibo goxoa dute gelan.

Oraindik sukalderako materiala behar dute

Integrazioa dute ardatz San Miguel eskolan, eta horregatik, eskolako gainerako ikasleak trantsizio gelan integratzea ere bada asmoa. Horretarako, gelan berean sukalde bat sortu dute. Bi ardatz dituen proiektua da sukaldearena, alde batetik Eguzki gelako ikasleendako funtsezko tresna izanen da beren garapenerako, eta bertzalde, sukaldearen bidez integratu nahi dituzte eskolako gainerako ikasleak ikasgela horretan. Horrela, maila bakoitzeko ikasleek astero aukera izanen dute Eguzki gelako ikasleekin batera sukaldaritza proiektuan parte hartzeko. «Sukaldeak joko aunitz ematen du: errezetekin irakurketa eta idazketa lantzen ahal dituzu, erosketak egitean matematikak, kontuak, neurketak, diruaren mugimenduak... Hagitz erreala da. Sukaldea da bizitzako funtsezko espazioa, eta bertan maneiatzen ikastea hagitz baliagarria ikusten dugu», dio Grajirenak.

«Aldi berean aukera ematen du hainbat adinetako haurrekin jolasteko eta esperimentatzeko», gehitu du Dominguezek. Egun lau ikasle daude ikasgela horretan, baina gutxienez hiru eta gehienez bortz lagun egoten ahal direla zehazten dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamenduko ratioek.

Gela multisentsoriala ere martxan

Baina trantsizio gela ez da eskolak garatu duen proiektu bakarra. Izan ere, 2020-2021 ikasturtean hasita gela multisentsoriala ere martxan dute. Umeen eta behar bereziak dituzten pertsonen garapenerako espresuki prestaturiko espazioak dira, eta estimulazio sentsoriala oinarritzat hartuz, ikasleen garapena bultzatzea da gela horien asmoa. Eskualdean, gainera, horrelako espazio fisiko bakarra da Doneztebekoa gaur egun.

Itxuraz ere diferentea da gela multisentsoriala. Iluntasuna da gelaren ezaugarria, goxotasunarekin batera. Erabiltzaileen estimulazioa sustatzeko, hainbat tresna berezi dituzte: bola igerileku bibroakustikoa, ohatze bibroakustikoa, pisu manta, burbuila hodia, zuntz optikoa, hainbat intentsitatetako argiak ere badituzte, eta ikasleen beharraren arabera erabiltzen dute bata edo bertzea.

Garestia da horrelako gela bat sortzea, material espezifikoa behar baita, eta ez da erraza izan orain duen itxura lortzea ere. Izan ere, hasieran etxean zuten materialarekin eta irudimena landuz sortu zituzten elementuak. Hala ere, denborarekin gero eta itxura profesionalagoa lortu du, hainbat dirulaguntzari esker. «Azken bizpahiru urteetan 10.000 eurotik goiti inbertitu ditugu eta hori posible izan da La Caixaren, Malerrekako Gizarte Zerbitzuen, Doneztebeko Udalaren, Erreka Guraso Elkartearen eta Xabier eta Josunek emandako dirulaguntzari esker», nabarmendu du zuzendariak.

Beharrari erantzuteko

2020 eta 2021. ikasturtean hasi ziren gela sortzeko prozesuarekin, hori ere eskolan sortutako behar bati erantzuteko: «Ikasturte horretan behar espezifikoak dituen ikasle bat hasi zen eskolan, eta guk genituen baliabideak ez ziren nahikoak horrelako kasu bat artatzeko», azaldu du Grajirenak. Ikasle horri ahalik eta erantzun integralena ematea zuten helburu orduan. Hain zuzen, hori izan zen gerora sortutako guztiaren abiapuntua. «Bi urtez aritu gara gela multisentsoriala lantzen, eta trantsizio gela ez genuen aurreikusi, baina, horren beharra ere sortu eta aitzinera egin genuen», dio Dominguezek.

Ikasle bakoitzak ditu bete beharreko  bere helburuak

Hari batek lotzen ditu bi gelak, bi gelatan ikasleen estimulazioa dutelako ardatz. Bi gelatako erabiltzaileak ez dira berberak, trantsizio gelako ikasleak ez direnek ere erabiltzen dutelako gela multisentsoriala. «Haur hezkuntzako lau-bortz ikaslek erabiltzen dute, baita trantsizio gelan ez dagoen lehen hezkuntzako bertze batek ere», kontatu du irakasleak. Eskolak ANFASekin hitzarmena sinatua du, eta horri esker astean behin eskualdeko ANFASeko kideek ere erabiltzen dute gela hori.

45 minutuko saioak egiten dituzte gela multisentsorialean eta hezitzaile edo irakasle bat eta ikasle bat sartzen dira aldiro. Saio pertsonalizatua izaten da, ikasle bakoitzak bere beharrak dituelako, eta horretarako erabiltzen dituzten teknikak eta materialak ere diferenteak direlako. «Haur bakoitzak bere helburuak ditu. Kasu batean, adibidez, irri bat lortzea bera da helburua», azaldu du Grajirenak. Gainera, azken urteetan hezitzaileek egindako ikastaroak tarteko, gero eta probetxu handiagoa ateratzen diote gela horri, gero eta saio gehiago egiten dituztelako bertan.

Eskola osoa inplikatu den proiektua izan den arren, Grajirena aritu da bereziki bai trantsizio gela, baita gela multisentsoriala sortzeko prozesuan. Zuzendaritzak emandako babesa eskertu du: «Zuzendaritzaren babesik izan ez banu, honek denak ez zukeen aitzinera eginen», nabarmendu nahi izan du. Proiektuak aitzinera egiteko lan egin duten guztiak eskertu nahi izan ditu zuzendariak, eta azken laguntza ere eskatu du: «Sukaldea badugu, baina, material aunitz falta zaigu, beraz, norbaitek eman nahiko baligu gustura hartuko genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun