Goizean goiz hasiko dute eguna 07:30ean geldituko baitira autobus geltokian mendira irteera egiteko. Ondotik, itzuleran poteoa eginen dute herriko ostatuetan barna. Ondotik, 14:30ean Casino elkartean bazkaria izanen dute. Horretarako azaroaren 23a baino lehen apuntatu beharko da Casino elkartean.
Arratsaldean izanen du jarraipena egitarauak azken urteetan bezala Alex Txikon alpinistaren bisita izanen baitute zineman. 18:00etan Manaslu, historiako lehenbiziko neguko igoera dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia eginen dute Ainara Marizkurrena Sagasetaren oroimenez.
Dokumentalean Txikonek Manaslun izandako esperientzia kontatzen du. Azken hiru neguak bertan pasa ditu mendizaleak eta hirugarrenean lortu lehen aldiz Manaslu neguan igotzea. Abentura horretan taldekide izan ditu Tenjen Sherpa, Pasang Nurbu Sherpa, Mingtemba Sherpa, Chhepal Sherpa, Pemba Tasi Sherpa eta Gyalu Sherpa.
Aitzineko bi urtetako esperientziaz baliatuta, aurten estrategia hagitz argia izan du Txikonek eta ohi baino lehenago abiatu zen mendira. Abenduaren 26rako iritsi zen oinarrizko kanpalekura eta urtarrilaren 4an abiatu eta 60 ordutan igo eta jaitsi zituzten Manaslu, urtarrilaren 6an gailurra zapalduz. Txikonen hitzetan «bere bizitzako esperientzia gogorrenetako bat» izan zen.
Bertako esperientziaren berri emanen du dokumentalean, eta baita ondotik ere solasaldian. Sarrerak 5 euroko prezioa du eta aitzinetik Ostizen eta Titin erosten ahalko dira, eta baita egun berean zineman ere.