Uterga eta Mitxeo doneztebarrek irabazi dute Nafarroako XVIII. erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 30a, 09:00
Uterga eta Mitxeo txapeldunak eta Otxandorena eta Ion txapeldunordeak, antolatzaile, laguntzaile eta Iturengo joaldunekin.

35-30 irabazi zieten larunbatean Zubiriko finalean Eloy Otxandorena herritarrari eta partidaren erdia minez aritu zen Ioni

Nafarroako XVIII. erremonte txapelketaren finala jokatu zuten urriaren 28an, larunbatean Zubirin. Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak suertatu ziren txapeldun, Eloy Otxandorena herritarrari eta Ioni 35-30 irabazita.

Otxandorenak eta Ionek elkarrekin jokatutako partida guztiak irabaziak zituzten txapelketa honetan eta faborito ziren, baina galdu egin zuten finalean. Partida osoa berdindua izan zen, baina erabakigarria izan zen 11-12 zirela Ionek sumatu zuen pintxazoa. Halere, partida borrokatua izan zen eta urdinak aitzinetik ere izan ziren (12-14, 13-16). Hamaseinako berdinketaren ondotik, ordea, beti aitzinetik izan ziren gorriak, baina alde handirik gabe (18-16, 18-17, 19-17, 19-18, 20-18, 20-19). Gorriek bortz tanto segidan egin zituzten (25-19) eta bazirudien partida hautsi zutela, baina urdinek lau tanto eginez erantzun zuten (25-24). 29-28koan ere tanto bakarrera jarri ziren urdinak, baina azken txanpan hobe moldatu ziren Uterga eta Mitxeo (35-30).

Uterga eta Mitxeo txapeldun.

Utergak hamairu tanto egin zituen, Mitxeok eta Otxandorenak hamarna eta Ionek zortzi. Gisa honetara, Mitxeo gazteak bere lehen txapel handia jantzi zuen eta Utergak, berriz, hirugarren aldiz segidan irabazi du Nafarroako txapelketa, hiru atzelarirekin: 2021ean Otanorekin, 2022an Agirrezabalarekin eta 2023an Mitxeorekin. Aurtengoa ere Agirrezabalarekin hasi zuen Utergak, baina atzelariak min hartu zuenez, Mitxeok ordezkatu zuen azken partidetan.

Utergak eta Otxandorenak lehia estua izan zuten aitzineko kuadroetan.

Zubiriko kiroldegian jokatutako jaialdia animatzen Iturengo joaldunak izan ziren eta giro ederra izan zen harmailetan. Jaialdiko lehen partidan, Zeberio II.ak eta Barricartek 30-21 irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori.  Sarreran bildutako guztia ADANO elkartera bideratu da.

Uterga eta Mitxeo, azken tantoaren ondotik, garaipena eta txapela ospatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun